Treba Gurasoak, "modu egonkor eta apropos batean" nerabeei lagundu ahal izatea xede duen egitasmoa
Gipuzkoako Foru Aldundiaren TREBA programaren barneko egitasmoa da eta gaur izango da antolatu diren lau jardunaldietatik lehena.
Gaur eguerdian TREBA programaren barneko Treba Gurasoak ekimena aurkezteko elkartu dira Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria diputatua, Igor Enparan Hondarribiko alkatea eta Isaak Palencia Gazteriako Foru zuzendaria.
Treba Gurasoak estrategia zabal baten parte den formakuntza saioak dira, haur eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea eta gurasoei berdintasunean oinarritutako errespetuzko eta afektuzko hazkuntzan prestakuntza ematea xedea duena. Garai hauetan guraso izatearen erronka “potoloa” dela adierazi du diputatuak. “Gu ez gara hezi gazteak hezten diren inguruneetan, eta ez genuen gure garaian informazioa hain eskuragarri. Informazio hori huts-hutsean iristen zaie, filtrorik gabe. Ez dute informazio hori kudeatzeko irizpiderik. Horregatik, oso garrantzitsua da gurasoek modu egonkor eta apropos batean lagundu ahal izatea”. Helburu horri jarraiki hiru saio antolatu dituzte datozen hilabeteetarako.
Gaur izango da Treba Gurasoak ekimenaren baitan antolatu diren lau jardunaldietatik lehena eta bigarren zatia hilaren 29an egingo dute. Besteak beste, internet-aren, pantailen, bideo jokoen eta sare sozialen onurak eta gatazkak nola kudeatu ikasteko hitzaldia izango da gaurkoa. Rakel Gamitok gidatuko du eta dagoeneko plaza guztiak beteta daudela jakinarazi du diputatuak. Hurrengo hitzaldia martxoaren 18an izango da, 17:30ean. Bertan, osasun mentalaren eta nerabeen inguruan arituko da Estibaliz Ansotegi. Azken hitzordua maiatzaren 8an izango da. Donna Apellaniz-ek dinamizatuko du eta ordua zehazteke dago oraindik. Azken bi hitzaldietan parte hartzeko izen emateak zabaldu gabe daude oraindik.
Lehen aldia da programa hau Hondarribian gauzatuko dena, eta honakoa, “erronka baten hasiera” dela aipatu du alkateak. Datozen urteetan Hondarribiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlana sendotzeko aukera izatea espero du, eta zentzu horretan, helduei zuzenduriko programazioa antolatzeaz gain, nerabeei zuzenduriko tailerrak eskaintzeko aukera izateko erronkari helduko diotela adierazi du Enparanek. “Oso inportanteak diren jaiak jorratzen dira, eta ikusten da deialdia egin eta segituan dauden plazak betetzen direla, eta beraz, gizartearen aldetik ere badagoela nolabaiteko ardura bat aspektu emozionaletik gazteriak eragiten duen horretan parte hartzeko”.
TREBA programa
TREBA programa gurasoen eskakizun batetik abiatu zela kontatu du Isaak Palencia Gazteriako Foru zuzendariak. Hasiera batean 12 hitzaldiz osatutako katalogo bat osatu zuten, gai ezberdinak jorratzen zituena. Programaren ezaugarrietako bat malgutasuna da, hau da, gizartean sortzen diren ezin egon eta eskakizunei erantzuteko prestaturiko programa denez, urtero, atzematen dituzten aldaketa eta hobekuntzak egiten dituzte. Aurten bi aldaketa nabarmen egin dituzte. Alde batetik, ordura arte landu gabeko gai bati heldu diote, 0-3 urteko haurren inguruko heziketa, eta bestetik, pantailen alorreko hitzaldietan sakondu dute.
TREBA programak hiru urteko ibilbidea du eta denbora horretan, Gipuzkoako 65 udalerritan eskaintzeko aukera izan dute. Orain artean, gizontasunaren, berdintasunaren, teknologien, sexualitatearen eta pornografiaren gaiak jorratu dituzte, besteak beste.
Saioek, oro har, sekulako harrera izan dute. Iaz gauzatu zen Treba Gurasoen bigarren edizioan 2.500 gurasok parte hartu zuten, eta aurten, gehiagora heltzea aurreikusi dute.