Solas Jolaserako aurre izen ematea, datorren astetik aurrera
Hilaren 26tik martxoaren 11ra bitarte egin ahalko da aurre izen ematea. Behin behineko zerrendak, martxoaren 18an, publiko, eta behin betikoak martxoaren 27an.
Solas Jolas 2024 programan izena emateko epea datorren astelehenean, hilak 26 zabalduko da eta martxoaren 11n itxiko da, 14:00etan. Behin behineko zerrendak martxoaren 18an argitaratuko dituzte, eta jakinarazi dute eskaera epez kanpo egiten duten interesdunek ez dutela aukerarik izango programan parte hartzeko.
Erreklamazioak egiteko epea martxoaren 22ra bitartean egongo da irekita, eta behin betiko zerrendak, aldiz, martxoaren 27an egingo dituzte publiko. Apirilaren 8an, 12:00etan, zozkatu egingo dituzte izen ematea egiteko hitzorduak. Bide horretan, zozketaren emaitzak 15:00etatik aurrera jarriko dituzte ikusgai.
Nuria Alzaga Euskara ordezkariak egin du aurtengo programaren aurkezpena eta gogoratu du euskararen erabilera indartzeko helburuarekin antolatzen dela programa. Udan haurrek euskararekiko duten harremana hobetzea da xedea.
Bi txanda egongo dira; lehenengoa uztailaren 3tik 30era; bigarrena, abuztuaren 2tik 30era. Izena ematean zein ikastetxetan nahi den ere ahalko da eskatu, eta aurreratu dute, aurre izen ematea behin behinekoa denez, aldaketak egon daitezkeela aukeratutako ikastetxearen eta esleitzen den ikastetxearen artean. Jarraian adierazitako ikastetxeetan egingo da Solas Jolas:
- Haur Hezkuntza: Belaskoenea LHI (Marinel kalea), Dunboa LHI (Martxoak 8 kalea), Elatzeta LHI (Araba kalea), Lekaenea LHI (Donostia kalea), Toki Alai HH (Alzukaitz kalea), Txingudi (Jaizubia auzoa).
- Lehen Hezkuntza: Belaskoenea LHI (Marinel kalea), Dunboa LHI (Martxoak 8 kalea), Elatzeta LHI (Araba kalea), Lekaenea LHI (Donostia kalea), Txingudi (Jaizubia auzoa).
Aurre izen ematea
Interesdunek programan parte hartu nahi duen haurraren datuak eman beharko dituzte prozedura egin ahal izateko: izen-abizenak, helbidea, ikastetxea eta ikasketak egiten ari den zikloa. Harremanetarako guraso edo tutorearen telefonoa eta posta elektronikoa ere eman beharko dira.
Horrez gain, parte hartu nahi den txanda -uztaila, abuztua edo biak- ere zehaztu beharko da eskaera orrian, baita udalekuetarako aukeratutako ikastetxea ere. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, aurre izena emateko ikastetxe eskaintza behin-behinekoa izango da. Horrez gain, txanda eta ikastetxearen aukeraketa modu informatiboan egingo da, antolakuntzak udalekuak antolatzeko erreferentzia gehiago izan ditzan.