'Faisaien irla' pelikula grabatzen ari dira Bidasoan
Asier Urbietaren lehen film luzea da eta migrazio politikengatik Bidasoa ibaian hildakoak izango ditu presente narratibak. Sei aste iraungo dituzte grabaketek.
Faisaien uhartea edota Konpantziaren uhartea. Faisaik ez dagoen irla bitxi zein ezagunaren izena jarri dio Asier Urbietak Irun eta Hendaia artean grabatzen ari den bere lehen fikziozko film luzeari: Faisaien irla.
Irla baino muga izango dute hizpide pelikulan. Migrazio politikek bertan itoarazi dituzten bederatzi hildakoak presente egongo direla uler daiteke aurreratu duten xehetasunetan. Izan ere, hilotz bat agertuko da Faisai uhartean, eta horrek hankaz gora jarriko du Jone Laspiur eta Sambou Diabyk osatzen dute fikziozko bikotea, mugari bizkarra ematen bizi duten bizitza zoriontsua.
Irun, Hendaia, Donostia eta Baionan ari dira egiten grabaketak eta sei aste iraungo dute. Irunen kasuan, gainera, kuxkuxeroak hainbat lokalizazio zeintzuk izango diren jada jakingo dute.
Pelikularen gidoilari lanetan Andoni de Carlos irakasle eta gidoilaria aritu da, Handia pelikula ezagunaren gidoilaria, besteak beste. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez idatzitakoa da, eta hitz horiek gorpuzten Laspiur eta Diaby egongo dira. Kolaborazio berezien artean, Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea daude.
ETBk aurreratu duenez, gidoilarien hitzetan, “Faisaien irla pisu emozional handiko thrillerra da, eta mugen zentzugabekeria eta eragiten dituzten giza ondorioak ditu kontagai. Gaur egun Bidasoaren ertzetan gertatzen ari den errealitate bat erakusten du film honek: azken urtean, hamar bat –bederatzi dira– pertsona desagertu dira bertan Frantziara pasatu nahian”.