Lekualdatu egingo dute airearen kalitaterako neurgailua
Kolon pasealekua eta Gipuzkoa hiribideak bat egiten duten tokitik, Ospitale Zaharrera mugituko dute unitate mugikorra, hilaren 26an.
Otsailaren 26an, airearen kalitatea neurtzeko unitate mugikorra lekualdatuko du udalak, Garapen Jasangarriko arloak hala aginduta. Horrela, Kolon pasealekuaren eta Gipuzkoa hiribidearen artean egotetik, Larreaundiko Ospital Zaharreko ingurura pasako da. Leku bakoitzean bi hilabetez egoten da.
Irunen emisio gutxiko eremu bat garatzeko proiektuaren barruan dago instalazio hori, eta udalak gogoratu du helburu nagusia “hiriko airearen kalitatea hobetzea” dela.Helburu hori betetzeko, airearen kalitatea neurtzeko kanpainak egiten ari dira hiriko hainbat tokitan, Eusko Jaurlaritzako Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareko estazio mugikor baten bidez.
Neurtzeko kanpaina horien osagarri, airearen kalitatea monitorizatzeko sare bat ere instalatuko dutela iragarri dute, hau da, sentsore finkoak, eta, aldi berean, trafikoaren analisi, azterketa eta modelizazioak ere egingo dira.
Estazio mugikorrak etengabe neurtzen du, eta informazioa Eusko Jaurlaritzako Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Zerbitzuak tratatzen du. Ondoren, neurketa-kanpaina bakoitzaren amaieran, udalari igortzen dio lortutako datuen txostena.