Irungo kirol talentua saritu dute
Askotariko kiroletako kirolariek jaso dute aitortza Irungo Kirol Galan. Hiriko kirol talentuaren balioa ikusaraztea eta kirolari onenak saritzea da asmoa.
Hiriko kirol talentua balioan jartzeko eta kirolari onenak saritzeko Kirol Gala egin zuten atzokoan Amaia KZn. Bertan izan zen Borja Olazabal Kirol ordezkaria eta kirolarien lana lehian eta kalean aintzatetsi zituen: “Kirolaren arloan modu altruistan lanean dabiltza pertsonekin, guztiok kirolaz gozatzeko aukera izan dezagun”.
Hirian aztarna utzi duten bi figura nabarmendu zituen jarraian. Batetik, Beñardo Garcia, Bidasoa eksubaloiko presidente historikoa eta 2023ko Hiriko Urrezko Dominaren irabazlea, eta bestetik, Iñaki de Mujika, kirol kazetaritzaren “ahots handienetariko bat, tokiko kirolaren alde lan eskerga egindakoa”.
Sarien banaketa
Lehenik, Irundarren Sarirako nominatu guztiak igo ziren oholtzara eta opari bana eman zieten.
- Klub Onenaren Saria: Mariño-Real Union futbol taldea. Nuria Alzagak banatu zuen saria.
- Hiriko nesken artean kirola sustatzeko egindako lanagatik, bai lehiari dagokionez, bai eguneroko praktikari lotuta.
- Gizon Kirolari Onenaren Saria: Iñaki Penciña Chambery eskubaloi jokalaria. Ander Montserrat trinketistak eman zion saria.
- Brontzezko domina irabazi zuten Munduko Eskubaloi Txapelketan.
- Emakume Kirolari Onenaren Saria: Alba Rodriguez borrokalaria. Borja Olazabalek banatu zuen garaikurra.
- Munduko txapeldunordea eta Espainiako txapelduna izan da bi aldiz, 20 urtetik beherakoen kategorian.
- Txokolatezko Baloia: Alberto Bixio Gorriz. Alkateak eta Olazabalek eman zioten.
- Futbolean izandako ibilbide oparoa aitortu diote, Realak 1980-1981 eta 1981-1982 denboraldietan lortutako bi ligak lortzeko egindako ekarpenagatik. Talde gipuzkoarrak historian lortu dituen bakarrak.
- Irundarron Saria: Aitzpea Gonzalez, Amaiur Etxeberria, Ainhoa Zapirain eta Naroa Zubimendi.
- Espainiako txapeldun izan dira arraunean, distantzia luzeko modalitatean, eta bigarren urtez jarraian irabazi dute sari hau.
Kirol arrakastak ez ziren izan kontutan hartutako bakarrak eta kirol profesionaletik erretiroa hartu duten kirolarien ibilbidea omendu zuten. Horrela, Ander Elosegi piraguista olinpikoari aintzatespen berezia eman zion Goizane Alvarez Kiroletako diputatuak.
Julen Aginagalde eskubaloi jokalari ohiari ere eman zioten aitortza saria, Gipuzkoako Kirol Prentsaren Elkarteko presidente Tito Irazustaren eskutik. Eskubaloian egindako “ibilbide bikaina” aitortu diote. Ondoren, Aginagaldek, Ander Ugarte bere taldekideari eman zion aintzatespen berezia.
Sari berezia ere eman zioten Virginia Corchon kirol psikologoari, Genuine Ligako Realeko jokalari irundarrei eta Bidasoa Atletiko Taldeko harrobiari.