Hondarribiko erretratu-liburu bat egikaritzeko proposamena landu du Judas Arrietak
Herritarren erretratuetatik abiatuta, pertsonen esentzia eta ingurunearekiko lotura harrapatu nahi ditu artistak. Herritarrak proiektura batzera animatu ditu.
Judas Arrieta artista hondarribiarrak proiektu berri bat du esku artean; Hondarribiko erretratu-liburu bat egikaritzeko proiektua. Irudien bidez, itxura fisikoa ez ezik, komunitate baten tradizioak, historia eta identitatea aztertzea da Arrietaren asmoa. “Erretratua pertsona baten irudikapen artistikoa da, bere aurpegia, nortasuna eta, batzuetan, ingurunea jasotzen dituena”. Hala, herritarren erretratuetatik abiatuta, pertsonen esentzia eta ingurunearekiko lotura harrapatu nahi ditu: “erretratuak pertsona bat ez ezik, garai bat ere adierazten du. Erretratuen bidez, garai jakin bateko moda, arkitektura eta bestelako kultur alderdiak ezagutu ditzakegu”.
Proiektuak hainbat fase izango ditu. Lehena, ikerketa izango da. Horretarako, herriko biztanleekin hitz egingo du, haien istorioak ezagutzeko bai eta berezi egiten dituen hori ezagutzeko ere. Ondoren, planifikazio eta egikaritze fasea izango da. Pausu hori “magikoa” izaten da Arrietarentzat; izan ere, “modeloa eta artista elkartzen diren unean arropa eta bestelako xehetasunak adosten dituztenean, modeloaren nortasuna agerian uzten duten keinu eta xehetasunak bilatu behar dira, pertsona hori modurik onenean deskribatzen duen pieza egiteko”. Erretratu guztiak ezberdinak izango dira eta horretarako teknika, estilo eta elementu ezberdinak erabiliko ditu, leku bereziak edo horiek definitzen dituzten objektu esanguratsuak irudikatuz, adibidez. Hurrengo fasea liburuaren argitalpena izango da. Liburuak Hondarribiko herritarren erretratuak jasoko ditu eta guztiek azalpen testu txiki bat izango dute. Azken fasea sustapena izango litzateke. “Momentu honetan lan honen emaitza erakusteko aukera ezberdinak bilatzen ari gara” azaldu du artistak. Horretarako, katalogoa formatu digitalean edota inprimatuan egongo da eskuragarri eta herriko eta auzoetako hainbat gune publiko eta pribatutan erakusketak, hitzaldiak eta gisa horretakoak antolatzeko asmoa du.
Eskaera bakoitzaren konplexutasunaren arabera prezio ezberdina izango dute erretratuek. Prezioak eta informazio gehigarria ezagutzeko ikus dokumentua.
Proiektua egikaritzeko herritarrak proiektura batzera animatu ditu Arrietak eta harekin harremanetan jartzeko hainbat bide zabaldu ditu: 649074406 telefonora deituta, Instagram bidez (@hondarribia_ilustratua) edota helbide elektroniko bidez.