Irunek tentsio handiko eremu izateko bi baldintzak betetzen ditu
Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenak adierazi du Irungo barruti guztiak daudela tentsionatuta. Udalak eskaera formala egitekotan, hiru urteko etxebizitza plana aurkeztu beharko du.
Etxebizitzaren Euskal Behatokiak (EEB) otsaileko txostenean argitaratu duenez, Irunek tentsio handiko eremu izendatzeko bi baldintzak betetzen ditu: bizilagunek euren diru-sarreren %30 baino gehiago alokairuak eta etxebizitza-gastuak ordaintzeko bideratzea; edota azken bost urtean bertako alokairuen prezioak KPIa baino hiru puntu gehiago igo izana.
Tentsio eremu handiko eremu izendatzeko baldintzetako bat betetzea nahikoa da. Irunen kasuan biak betetzen dira, EEBk argitaratu duenez; 2017tik 2022ra %18,5 igo da alokairuaren hileko batez besteko prezioa, hau da, bataz beste 618,2 euro izatetik 732,5 izatera pasa da. Errenta ordaintzeko esfortzu ekonomikoari erreparatuta %32era igo da hirian, hots, baldintzak ezartzen duen %30 igotzea betetzen da.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %14koa izan da KPIaren hazkunde metatua eta Irungoa hori baino %4,5 handiagoa izan da. Irunen, gainera, behatokiak zehaztutako barruti guztiak eremu tentsionatuak dira.
Diagnostikoa
Behatokiak behin ikerketaren emaitzak argitaratuta, tentsio handiko eremu izendatzeko, eskaera formala egin behar luke Irungo Udalak. Izan ere, legeak eskatzen du diagnostiko zehatza eta bizitoki larrialdiari neurri praktikoekin erantzutea aurreikusten duen hiru urteko plana aurkeztea eskaera egin ahal izateko.
Errenteria-Orereta da diagnostikoa egin eta eskaera formala Eusko Jaurlaritzari egin dion lehen udalerria. Txostenean, besteak beste, jaso dute zenbat etxebizitza huts dauden hirian edota ea biztanleria eta etxebizitza kopuruaren hazkundea proportzionala izan den. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailarekin batera landu du bertako udalak.