EAJ: "Ez gaituzte aurkituko tentsio soziala sortzen"
Joan den astean Pasaia kalearen berrurbanizazioa lehenestea eskatu zuen EAJk. Egun gutxira eskakizunaren inguruko erantzuna plazaratu zuen Abotsanitzek eta gaurkoan, erantzun horren inguruko iritzia aditzera eman du EAJk.
Abotsanitzek plazaratu zuen ihardespena ikusita, hurrengo lau urteetan oposizioan dauden alderdiek zer egitea espero duten galdetu diote beren buruari jeltzaleek: “Isilik egon egiten duten eta egiteari uzten dioten guztiaren aurrean? Baimena eskatu eskaera bat egin ahal izateko beraiek minduta sentitu ez daitezen? Hondarribian proiektu interesgarriak eta beharrezkoak proposatzeari uztea?”. Bada, modu horretan aurkituko ez dituztela esan dute. “Ez gaituzte aurkituko tentsio soziala sortzen, ezta Udalaren aurka etengabe maldatzen ere, oposizioak azken zortzi urteetan egiten zuen bezala. Ez da gure estiloa”. Hondarribiko herritarren eta hiriaren etorkizunaren alde lanean jarraituko dutela esan dute.
Pasaia kaleko lanak
Jeltzaleek Pasaia kaleko obrak lehenesteko eskatu zuten joan den astean, eta eskakizun horri erantzun zion, ondoren, Abotsanitzek. Herri plataformak emandako erantzuna “guztiz tonuz kanpo” egon zela iritzi dute eta beren defentsan, gisa horretako lan bat egikaritzeko prozesura ezagutzen dutela argudiatu dute. “Lehenik eta behin, obraren proiektua lizitatzeko lehiaketa bat egin behar da eta horixe da eskatu duguna. Aurrekontuari proiektu hori egiteko partida bat eranstea”. Gainera, eskakizunak ezer gutxi duela ikusteko Santiago kaleko edota Arrantzale auzoko obren hasiera atzeratzearekin azaldu dute, “ideia horiek plazaratzea herritarrak nahastea da”.
EAJ alderdiaren nahia Hondarribiko kaleetan irisgarritasuna, saneamendua eta oinezkoen segurtasuna hobetzen jarraitzea dela esan dute, eta horretarako, Pasaia kaleko esku hartzeak lehentasuna izan behar duela. Haatik, beste behin aurrekontu partida bat sar dezatela eskatu dote udal gobernuari.
Gobernu plana
Abotsanitzek eta EH Bilduk urtarrilean aurkeztu zuten Gobernu plana. Horri begira, datozen hilabeteetan edukiaren inguruko “zalantzak eta nahasteak sortzea” litekeena dela esan dute jeltzaleek. Beren ustez plan bat izateko “detaile asko falta” zaizkiolako: “ekintzak noiz gauzatuko diren, jarduteko egutegi bat… Maila berean jarri dira balio oso desberdinak dituzten kontzeptuak” zehaztu dute.