Bidasoa Bizirik-ek berdintasunerako lankidetza erakunde zigilua jaso du
Iragan ostiralean jaso zuen zigilua Bidasoa Bizirik-ek Emakunderen eskutik. Emakumearen Euskal Erakundeak aitortu dituen 20 enpresen artean izan da.
Iragan ostiralean, ‘Soldata berdintasunarekin konprometitutako enpresak’ deituriko jardunaldiaren baitan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde berriak aitortu zituen Emakundek. 20 enpresa izan ziren guztira, eta horietako bakoitzari berdintasunerako lankidetza erakunde zigilua banatu zieten. Enpresetan berdintasuna bultzatzeko duten konpromisoa balioan jartzeko asmoz banatzen duten bereizgarria da eta Bidasoa Bizirik izan zen aitorpena jaso zuen horietako bat.
Garapen Agentziak 2020an abiarazi zuen Berdintasun plan berria, Berdintasun Batzordearen bidez. Miguel Angel Paez, Bidasoa Bizirikeko presidentearen, esanetan planak “lan-eremuan mota guztietako desberdintasunak ezabatzeko, langile guztiak sentsibilizatzeko eta berdintasun-politiketan trebatzeko, komunikazio inklusiboa, laneko jazarpen-egoerak prebenitzea edo lan taldeko lan-baldintzak berdintasunera egokitzea bezalako alderdiak” lantzen ditu eta 7 programa jasotzen ditu bere baitan: Zuzendaritza bultzatzea eta kudeaketa estrategikoa ; Barne-prestakuntzako prozesua; Pertsonak kudeatzeko prozesua ; Norberaren bizitza, familia eta lana uztartzea - Komunikazio inklusiboa ; eta lan-osasuna.
2023 urteko memoria egiterakoan 2020an abiarazitako plana “ia osorik” gauzatu dela ondorioztatu dute. Hala, “hirugarren urte honetan, proposatutako helburuak eta ekintzak betetzeak Garapen Agentzian berdintasuna hobetzeko espero ziren emaitzak” lortu dituela azaldu du Paezek, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraitzeko konpromisoa berretsi dute agentziako ordezkariek.