Teresa Errandoneak goi mailako lehia utzi du
Lesio batek bere onena ematea ekidin dio azkenaldian, eta erabakia hartzea erraza izan ez bada ere, beharrezko ikusi du aurrera egin ahal izateko. 29 urterekin hartu du erretiroa hesi lasterkari irundarrak.
Teresa Errandonea atleta irundarrak goi mailako lehiaketa utziko duela iragarri du gaur goizean Donostian. Hesi lasterketetan espezializatutako atletak 29 urterekin utziko du atletismoa, 21 urtez kirol horretan murgilduta egon ondoren. Errandonea goi mailan aritu da, beti onenen pare, eta Espainiako hainbat titulu ditu. Nazioartean ere ibilitakoa da, eta, esaterako, 2021eko Tokioko Olinpiar Jokoetan izan zen, 31. postuan sailkatuz.
Errandonea buru-belarri aritu da azken hilabeteetan aurtengo Parisko Olinpiar Jokoak prestatzen, baina Akilesen tendoian izandako arazo batzuek bere animoak hondatu dituzte. Lesio horrek, gainera, beharrezko mailan entrenatzea ekiditen dio irundarrari. Azken hilabeteak zailak izan dira hesi lasterkariarentzat, eta azkenean, goi mailako lehia uzteko erabakia hartu du.
“Ez da erraza izan erabakia hartzea, baina ez nintzen ondo sentitzen. Etapa hau itxi beharra nuen aurrera egin ahal izateko. Orain nire bizitzako beste alderdi batzuetan zentratu beharko dut, eta urte hauetan guztietan jasotako babesa eskertu nahi dut, batez ere goi mailan murgilduta egon naizenekoa. Eskerrak eman nahi dizkiet nire familiari, lagunei, klubari, entrenatzaileei, taldekideei, babesleei eta instituzioei nire alboan izan direlako”, esan du Errandoneak agurrean.
Ibilbide arrakastatsua
Errandonea 2006-2007 denboraldian sartu zen Bidasoa Atletiko Taldeko eskolan, kimu mailan. Kadeteetan, 16 urtez azpiko mailan, bere lehen titulu nazionalak eta dominak lortzen hasi zen, luzera jauzian eta hesi lasterketetan. Hesietako probetan, esaterako, bostetan izan da Espainiako txapeldun senior mailan.
Estatu mailan lehiatzeaz gain, nazioartean ere ibilitakoa da Errandonea. Bere une gorena 2021ean iritsi zen, Tokioko Olinpiar Jokoetan lehiatu baitzen, 31. postuan sailkatuz.
Atleta irundarrak Bidasoa Atletiko Taldean gauzatu du bere ibilbide profesional osoa. Susana Ferreirarekin hasi eta Ibon Muñozekin jarraitu zuen. 2018an Ramon Cid prestatzailearekin hasi zen, baina beti BATeko koloreak defendatuz.
Liga mailan, 36 topaketetan izan da, 65 parte hartzerekin, eta, orotara, 400 puntu erdietsi ditu BATentzat. Errandonea da, alde handiarekin, bere klubari puntu gehien eman dizkion kidea. Horrez gain, BATek nabarmendu du klubeko “ikono” eta “erreferentzia” bilakatu dela, BATen izena “atletismoaren gorenera” eramanez. Klubeko kide gazte askorentzat “motibazio iturri” eta “erreferentzia” izan dela adierazi du BATek.
Kluba, eskertuta
Bidasoa Atletiko Taldea “oso harro” dago Errandonea bezalako atleta bat izateagatik. “Betiko” eskertuta izango direla baietsi dute, bere “dedikazioagatik, sakrifizioagatik eta klubari, Iruni eta Gipuzkoako atletismoari emandako guztiagatik”. BATek “onena” opa dio irekiko duen etapa berrian, eta kluba alboan izango duela jakinarazi dio. “Zure etxea da eta izango da”, esan dute.