Zaballako espetxean hildako irundarraren senideek jasotako tratua salatu dute
Joan den astean 26 urteko irundar bat hilik aurkitu zuten Zaballako (Araba) espetxeko bere ziegan. Herenegun salaketa elkarretaratzea egin zuten.
Joan den astean Oroitz Herrero irundarra hilik aurkitu zuten Zaballa espetxeko (Araba) bere ziegan. Eusko Jaurlaritzak duela bi urte eskas espetxeen eskumena bere egin zuenetik Zaballan hil den hirugarren presoa da; Martutenekoan beste bat hil da tarte horretan. Heriotza salatzeko elkarretaratzea egin zuten asteartean Gasteizen, Arabako Salhaketa elkarteak deituta. Han izan ziren Herreroren senideak. Heriotzaren berri izatetik espetxetik eta Jaurlaritzatik jasotako tratua salatu dute.
Argia hedabideak jaso zituen Garikoitz Herreroren adierazpenak, Oroitzen anaiarenak, asteartean bertan. Azalpen falta salatu du. “Ez dakigu ia ezer. Goizean ez zela altxatu, bila joan zitzaizkiola ziegara, eta gorpua hilotz baina oraindik bero zegoela”. Otsailaren 6an jaso zuten espetxetik deia. Argia-k jasotakoaren arabera, autopsiaren emaitza “akaso” hilabete barru emango dietela esan diote familiari. “Ez dakigu ezer oraindik, itxoiteko eta itxoiteko, dena dira aitzakiak”, dio anaiak: “Ez daukagu ezta hil denaren ziurtagiririk ere”. Trabak traba, eraman zuten azkenik Oroitzen gorpua Irunera, eta familian eman zioten agurra.
Hildako presoaren senideek jakinarazi dute osasun arazoak zituela Herrerok, bihotzekoak zehazki. Haurra zela bihotzeko ebakuntza egin zioten, eta egun, beste ebakuntza bat noiz egiteko zain zegoela fistula bategatik, Argia-k jasotakoaren arabera. Gainera, apneak zituen. Hala, espetxean medikamentu asko ematen zizkiotela zehaztu dute senideek, antsiolitikoak eta antidepresiboak tartean, “koktel bat”, esan du Garikoitz anaiak. Iraganean osasun mental eta droga kontsumo arazoak izan zituen Oroitzek. “Zer egiten du horrelako arazoak dituen pertsona batek espetxean?”, dio senideak. Edonola, familiaren esanetan azken hilabeteetan “oso ondo” zegoen. Heriotzaren aurreko igandean lagunak joan zitzaizkion bisitan, “esan ziguten oso ondo ikusi zutela, animo aldetik ondo, esaten zuen guztiak zentzua zuela”, azaldu du anaiak.