Irakurketa klubeko kontakizunak, erakusketara
Hondarribiko Liburutegiak irakurketa kluba eskaintzen du Caser Betharram adinekoen egoitzan 2022 urteaz geroztik.
2022an Hondarribiko Liburutegiak Caser Betharram-eko egoiliarrei zuzenduriko irakurketa kluba sortu zuen, Nekane Barandiaran-en ekimenez. Nagusilan elkarteko kideekin batera joaten da adinekoen egoitzara, bertan irakurketa saioa eskaintzeko.
Barandiaranek liburu bat aukeratu eta ozenki irakurtzen du. Tarteka irakurketa gelditu eta adinekoen ekarpenak jasotzen dituzte: oroitzapenak, iritziak… Iaz El niño republicano de Beraun irakurketa egin zuten eta liburuaren inguruko egoiliarren kontakizunak bildu ondoren, 2023 urteko gabonetan, gazteei zuzenduriko Jostailu Zaharren tailerra antolatu zuten liburutegian. Tailerrak bi helburu zituen. Batetik, Caser Betharram-en egiten ari ziren jarduera ikustaraztea, eta bestetik, egoiliarrek ikus zezatela kontatzen zietena ez zela soilik paperean soilik geratzen.
Bi urteko ibilbidea dute jada, eta orain, liburutegiko kideek “zirkulua ixteko” garaia heldu da. Tailerrean landutakoak erakusketa berezi batean bildu eta horiek, Caser Betharram adinekoen egoitzan jarriko dituzte ikusgai. “Irakurketa klubekoak liburutegira ezin direnez etorri, guk beraiei eramango diegu beraien kontakizunean oinarrituta egindakoa” esan dute liburutegiko kideek eta helburua familiarrek zein gainontzeko egoiliarrek “elkarrekin egindakoa” ikustea dela gaineratu dute.
Bihar egingo dute inaugurazioa 11:30etan Caser Betharram-en sarreran. Erakusketa hilabetez egongo da ikusgai.