Ermita kalea berrurbanizatzeko lanen lehen fasea bukatu dute
Orain oinezkoek dute lehentasuna Ermita kalean eta errepidearen noranzkoa bakarra izatera pasa da. Hiri altzariak berritu eta berdeguneak berrantolatu dituzte ere.

Ermita kalea berrurbanizatzeko lanen lehen faseko lanekin bukatu dute eta horiek ikustera joan dira Cristina Laborda alkatea eta Borja Olazabal Obretako ordezkariak. “Oinezkoak lehenesten dituen balio monumental handiko eremua” ezagutu nahi izan dutela adierazi dute. Urbycolan enpresak egin ditu lanak, 643.480,25 euroren truke. Jarduketa honek Next Generation EU laguntza jaso du.
Ama Xantalen ermitak, iturriak eta kanalaren zubirainoko lehen etxe-lerroak bat egiten duten tartea da berritu dutena. Eremua oinezkoak lehenesteko moldatu dute eta berritu egin dituzte ere akaberak eta zoladurak, azpiegiturak, hiri altzariak eta argiak. Eremu berdeen banaketa aldatu egin dute ere. Horretarako inguruko bizilagunekin parte hartzeko prozesu bat egin zuten.
Espazio berria diseinatzerakoan jasangarritasun irizpideetan, genero-ikuspegian eta irisgarritasun unibertsalean oinarritu da planteamendua.Espazio berria hirigune historikoan integratzen dela azaldu dute, eta, ildo horretatik, esku hartzeko irizpideak Irungo Alde Zaharra birgaitzeko plan bereziak finkatzen dituenekin bat datozela ziurtatu dute, Planak barnean hartzen duelakoan Ermita karrika.
Espazioen antolamendua
Esku hartu duten eremu guztian oinezkoek eta ibilgailuek batera zirkulatzen duten espazio bat sortzea izan dela abiapuntua adierazi dute. Kalean zirkulaziorako ez ezik beste erabilera batzuetarako tokia sortu dute, adibidez, paseorako, kontenplaziorako, atsedenerako eta interakzio sozialerako. Horretarako, erabiltzaile guztientzako ibilbide irisgarri, seguru eta erosoak osatu dituzte, monumentu eta zerbitzu guztietako irisgarritasuna ziurtatze aldera.
Kaleko zirkulazioa norabide bakarrekoa da orain, auzotarrek hala eskatu zutela gogoratu baitu udalak. Santa Elena zubitik gora baino ezingo da zirkulatu, eta egoiliarrek bakarrik, hau da, eremuan bertan bizi direnek eta bizilekua goragoko baserri inguruan dutenek. Horrela, kalea baserrietara sartzeko bidea bilakatu da, eta handik irteteko Borda Txikira doan bidea erabili beharko dute gidariek.
Orain, Ama Xantalen iturriaren inguruan kalea zabalagoa da, eta pibote batzuk jarri dira oinezkoentzako eremu esklusiboa eta ibilgailuek ere erabil dezaketena bereizteko. Horrela, eta zehazten den sekzio estandarraren eta aukeratzen diren zolaketa materialen bidez, ibilgailuak motelago ibiltzea izan da helburua.
Ermita kalea estua da, eta ondorioz espazioa “optimizatu” beharra zegoela gogoratu dute, eta, horretarako, parterre jarraitu bat sortu da kalearen luzetara, kanalerantz ematen duen hormaren ondoan, egungo zuhaitzak zerrenda berde zabal baten biltzeko eta zirkulaziotik babesteko moduan, eta, zuhaitzen artean, bankuak jarri dituzte itzaletan.
Santa Elena zubiko bidegurutzean, zabaldu egin dute parterrea, desnibela desagerrarazteko eta lorategi bat sortzeko moduan. Ama Xantalen ermitaren ekialdeko fatxadaren ondoko lorategia txukundu egin dute ere, eta hura zaharberritzeko lanak egin.
Saneamenduaren eta edateko uren azpiegiturak ere berritu dituzte, eta elektrizitatearen, telefoniaren eta argiteria publikoaren sareak osatu dira.