Abotsanitz: "EAJk ahaztua zuen Pasaia kalea lehenetsi nahi du orain"
Aste honetan Pasaia kalearen berrurbanizazioa lehenestea eskatu du EAJk. Abotsanitzek eskakizunari erantzun dio.
Aste honetan eskatu du Hondarribiko EAJk Pasaia kalearen ingurunea berrurbanizatzeko proiektua lehenesteko eta hainbat arrazoi eman zituzten gainera: Kaleko saneamendua 60ko hamarkadan egin zela eta hornidura hodiak ordezkatu behar direla, eta kalearen konfigurazioak ez dituela irisgarritasun estandarrak betetzen azaldu zuten, espaloien zabaleragatik.
Hori dela eta, azken udalbatzan Kalez Kale programaren bigarren fasea martxan jartzea eta programa Pasaia kalearen ingurunearen berritzean zentratzea eskatu zuten. (Bigarren faseak Mendelu kaleko, Llobregateko igoerako (Arkoia) eta Higer bideko lanak egitea aurreikusten zuen). Horretarako, 2024ko aurrekontuan partida bat bideratzeko eskatu zuten, baina ez zen onartu.
Abotsanitzen erantzuna
Herri plataformak EAJren eskakizuna ikusi eta erantzuna plazaratu du gaurkoan. “Bitxia” egin zaio Abotsanitzi EAJren jarrera; izan ere, jeltzaleak urte luzez egon dira gobernuan eta bitarte horretan Pasaia kaleko proiektua “ahanzturan” utzi dutela esan dute. Aldi berean “deigarria” egin zaie jeltzaleak gobernuan egon diren aurreko Agintaldi Plan zein hauteskunde programetan Pasaia kalearen inguruko aipamenik ez egitea.
2024ko aurrekontuetan aurten gauzagarriak diren proiektuak jasoko zituztela esan zutela gogoratu du Abotsanitzek, eta azaldu dute hori izan dela Pasaia kalearentzat partida ekonomikorik sartu ez izanaren arrazoia. Hala ere, Agintaldi Planean jasota dagoela zehaztu dute. “Zergatik esaten dugu aurten ezin dela proiektua gauzatu? Batetik aurten gauzatuko diren hirigintza proiektuen artean Santiago kalearen azken fasea gauzatzea tokatzen delako, bai eta Arrantzale auzoko obraren hasiera ere”. Lan horien ondoren etorriko litzateke Abotsanitzen esanetan Pasaia kaleko berhiritartzea.
Azalpenak emanda “kezkagarritzat jo” dute jeltzaleek egin duten irakurketa. “Kalez kaleko bigarren fasea ezinezkoa zen gauzatzea EAJk zabaldu zuen bezala, tramite administratiboa edota expedentea hasi gabe zegoelako”, eta “jeltzaleek hori bazekiten” zahaztu dute. Horregatik guztiagatik, “herritarrak nahita nahastea frustrazioa sortarazteko tristea dela” iritzi du Abotsanitzek.
Aurten Pasaia kaleko lanak burutuko ez diren arren, datozen urteetan (agintaldi planeko 18. puntuan jasota dagoen bezala) Pasaia kalea zein Mantzin-enea ingurua urbanizatzeko eta saneamendua egiteko konpromisoa berretsi du herri plataformak, “sinistuak gaude udal gobernuaren konpromisoa gauzatuko dela”.