Ostomila txotxongiloak, Erdialdeko Amerikatik biran
'Baleazaleak' obrarekin ibiliko dira bira eta bira martxotik maiatzera. Ostomilak dio orain arte egin duten "obrarik handiena" dela.
![](https://bidasoa.hitza.eus/site/files/2024/02/baleazaleak2-1200x673.jpg)
Obra berri bat du Ostomila txotxongilo taldeak: Baleazaleak. Lanaren estreinaldia Bilboko TX Fest Nazioarteko Txotxongilo Jaialdian egin zuten eta orain Erdialdeko Ameriketara joatea erabaki dute. Martxotik maiatza bitartean ibiliko dira bueltaka eta euskal arrantzaleen eta algonkinoen artean sortutako berezitasuna eta harremana ezagutarazteko asmoa dute. Bertsio originala euskarazkoa da.
Euskal Herria eta Nikaragua ordezkatzen arituko dira. Lehen geltokia, Nikaraguako Ruben Dario Antzoki Nazionala, eta helmuga Festitim Kubako Matanzas txotxongiloen nazioarteko jaialdia izango da. Proiektu honetarako Etxepare Institutuaren eta Irungo Udalaren laguntzak jaso dute.
Baleazaleak
Zoe Tamara Cuellar antzerkigilearen eta taldearen zuzendariaren esanetan, “Baleazaleak ez da txotxongilo ikuskizun bat bakarrik, Selma Huxleyren figuraren eta Miq m’ak kulturaren inguruko ikerketa izaerako landa lan baten gailurra da, euskal ahots-musika herrikoiarekin batera”. Txotxongilo eta zuzeneko ahots musika ikuskizun bat da eta Ostomilak orain arte egin duen lanik handiena.
Antzezlanean, Elaia neskatilak bere nortasuna ezagutzeko abentura bidai bati ekiten dio, bidaia honek euskal baleazaleen garaira eramango du ikuslea, garai horretakoa baita Selma Huxleyren sekretua. Obra fikzio bat da, eta Mikm ‘aq kulturaren elementu mitologikoak eta gertaera historikoak aipatzen ditu. Mikm’ aq Ternuako kostaldean dago, Kanadan, eta mendeak dira herri euskaldunarekin senidetuta dagoela. Proposamen eszeniko honek euskal musika tradizionala eta Mikm ‘aq kantuak ditu lagun.