Sandra Piñeiro kirola eta elikadura nahasmenduez arituko da
Anorexia pairatu zuen gaur egun Irunen bizi den arraunlariak eta 'Remando en la oscuridad' liburuan kontatu. Hitzaldia, ostegun honetan da, Palmera Monteron.
Sandra Piñeiro arraunean aritutakoa da maila profesionalean eta Jarduera Fisikoaren eta Kiriolaren Zientzietan graduatuta da. Egun, ez da kirolari profesionala, baina konpromiso sozial handikoa da Irunen bizi den galiziarra. Bide horretan, ostegun honetan (hilak 15), hitzaldi bat eskainiko du Palmera Montero gunean, 18:00etan, Aldundiak eta Txingudi Elkarte Feministak gonbidatuta.
Piñeirok anorexia izan zuen “errendimendu handiko kirola eta autoexijentziaren eraginagatik” eta bere esperientziatik abiatuta eskainiko du hitzaldia. 2021ean argitaratutako Remando en la oscuridad liburuan, goi-mailako kirolari gisa nahasmendu horren ondoren izandako sendatze-prozesua kontatu zuen.