'Euskararekin batera, korrika!' leloarekin, euskararen hilabetea
Ostiral honetatik aurrera euskararen hilabetea hasiko da Irunen. Programazioa nagusiki eskoletako ikasleei zuzendutakoa bada ere, gainontzekoentzat ere bada aukera.
Euskararen hilabetea aurkeztu du beste urte batez Irungo Udaleko Euskara departamentuak. Urtean bi programa esanguratsu ontzen dituzte, bata abenduan, Euskararen Nazioateko Egunaren harira, eta, bestea, martxoan. Oraingo hau “estrategikoa” dela azaldu du Nuria Alzaga Euskara ordezkariak, “euskararen erabilera indartzeko, batez ere haur eta gazteen artean”.
Ordezkariaren hitzetan, euskararen erabilerak “egunerokoa” behar du izan eta ez soilik abenduaren 3aren bueltan. Hilabete honetako leloa Euskararekin batera, korrika! da eta keinu egiten dio 23. Korrika Irundik irtengo denari.
Ikasleentzako programazioa
Ikasleei begira nagusiki antolatutako programazio honetan 3.300 ikasletik gora pasako dira Amaia KZtik. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleak hilaren 29an pasako dira eta Kuku! Ezkutuan dauden emakumeak antzezlana ikusiko dute Eidabe konpainiaren eskutik. Emakumeek garai desberdinetan egindako lana eta haien bizipenak plazaratuko dituzte.
DBH 1. eta 2. mailakoak, berriz, martxoaren 5 eta 6an eseriko dira besaulki gorrietan Narzis@ antzezlana ikustera. Borobil konpainiarena da eta mundu birtuala eta mundu erreala izango dira gai nagusi.
DBH 3. eta 4. mailakoak Lagun beltz asko ikuskizunaz gozatzera joango dira martxoaren 7an. Arrazakeria lantzea da obraren funtsa eta taberna baten testuinguruan jorratuko dute auzia. Bi lagun dira protagonistak eta obran zehar bi lagunen “argi-ilunak” aterako dituzte argitara.
Mintzodromo Gaztea
Aurten, 395 ikaslek eman dute izena Mintzordromoan. Palmera Monteron egingo da martxoaren 15 eta 22an eta DBH3ko ikasleei zuzendutakoa da. Jolas eta dinamika ezberdinen bitartez iritziak partekatuko dituzte “ondo pasatzeko”. Era horretan, Irungo ikastetxe ezberdinetako ikasleak elkar ezagutu eta harremanduko dira eta ahozkotasuna lantzeko aukera luzatuko zaie. Beste urte batez Mondragon Unibertsitateak gidatuko du saioa.
Denentzako programazioa
Bizkarsoro filma proiektatuko dute ostiral honetan, 19:00etan, Irungo eskolek eskaria egin ondoren. Filma iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu bazuten ere, urtarrilean hasi ziren Euskal Herriko zinemetan proiektatzen eta horretarako hiru aukera eskaintzen ditu lan taldeak: filma proiektatzea eta, gero, Gastibeltzak sortutako dinamizaziorako gida bat emanez solasaldia gidatzea; filma eta lan-taldeko parte hartzaile baten presentzia; edota filma eta lan-taldeko kide bat telematikoki batzea.
Gaurko agerraldian ea udalak hiru bide horietatik zein aukeratu duen galdetzean, “proiekzioa bera egitea” izan dela hautua adierazi dute. “Ez da planteatu hizketaldi bat bezala” gaineratu du Euskara ordezkariak. Hurrengo proiekziorako “interesgarria” dela hizketaldia ere azaldu du udal ordezkariak. Beraz, ez da ondorengo solasaldirik egongo.
Sarrera doakoa da eta aurretik gonbidapena eskuratu behar da ohiko bideetan. Pertsonako lau banatuko dituzte.
Hitzaldia: Euskarak bakarrik ezin badu, norekin bai?
Imanol Epeldek, martxoaren 6an, Euskarak bakarrik ezin badu, norekin bai? hitzaldia eskainiko du. Euskararen transmisioaren gakoen ingurukoa da eta Epeldek berea duen diskurtso “bizi eta freskoa” bertaratuko du. Hitzaldia Irungo hezkuntza komunitateari zuzendua izan arren, gaian interesa duen hiritar orok izango du Amaia KZko hitzaldi aretora bertaratzeko parada. Hitzordua 19:00etan izango da, Amaia KZko hitzaldi aretoan. Sarrera doakoa da eta ez da gonbidapenik behar.