30. aldiz atakak ireki dizkiete Mairuei baserritarrek
Akartegi, Gornutz eta Zimizargatik egin dute 13 baserrietatik pasatzeko ibilbidea. ‘Xele’ Miranda aurreko Mairua ere omendu dute.
Mairuak puska biltzera irten dira beste urte batez baina aurtengo bilketa berezia izan da, 30. aldiz antolatu baitu Emeki elkarteak. Hiru hamarkada igaro dira puska biltzearen ohitura zaharraren lekukoa hartu zutenetik eta poliki-poliki haurrek ere bat egiten dute usadio zaharrarekin. Aurten, baina, euriagatik asko ez dira animatu.
Baserriz baserri ibili dira Akartegiteitik, Zimizargatik eta Gornutzetik, eta, guztira, 13 bat baserritik pasa dira: Bostak bat, Montañenea, Gurutze, Erranda Zar, Txapelin, Postigu, Mikel Enea, Lujunea, Higeralde, Etxebarria, Lekuona, Nabarrenea eta Arroka Berri jatetxea. Izugarrizko harrera jaso dute Mairuek, esaterako, etxe gehienetan atera ireki, hamaiketakoa eman edota solasean gelditu direlako. Beste urtetan ez dutela harrera hain berorik jaso adierazi du kideetako batek.
1994an Mairutan zebilen emakumeen artean Zelestina Miranda Bengoetxea Xele da bizi den bakarra eta hari omenaldia egin diote gaurkoan Emekikoek. Akartegiko Nabarro Enea baserrian jaso ditu Mairuak bere alabarekin batera eta omenaldi gisa bertso bat bota, dantzatu eta eskerrak eman dizkiote.
Berrikuntza bat izan du aurtengo ibilaldiak, 4×4 ibilgailu bat atoiduna erabili baitute distantzia luzeetarako. Ohiturei ere eutsi diete eta ongietorria jaso duten baserri guztietako atarietan Ihaute, ihaute, xingar edo arrautze, bata edo beste, biak hobe esan diete. Ondoren, erratza pasa diete “gauza txar guztiak” uxatzeko. Behin puska bilduta, Jaizkibel kanpingera itzuli eta bazkaria egin dute.