Irungo eta Hondarribiko Udalek osasun egoera "modu serio eta zehatzean" lantzeko eskatu diote Osasun Sailari
Bi udalek bat egin dute eskualdeko osasungintza hobetzea erreklamatzeko. "Kezkaz" bizi dute egoera eta bilera bat eskatu diote Osasun sailburuari.
Irungo eta Hondarribiko Udalek bat egin, eta bi herrietako osasun egoera hobetzeko eskakizuna egin diote Osasun Sailari. Bilera bat eskatu diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuari ere eta eskualdeko osasun langile eta plataformarekin dagoeneko elkartu dira. Aurrerago gaiak eragiten dien gainerako kolektiboekin biltzeko asmoa erakutsi dute.
Bi udalek salatu dute “aspalditik” dabiltzala Osasun Sailari eskatzen osasun zerbitzua hobetzeko jarduketak egin ditzan, baina ez da nabari urratsik eman denik. “Kezka” erakutsi dute bi alkateek eta Jaurlaritzari eskatu diote “modu serio eta zehatzean” azter dezala gaia, osasungintza “funtsezko zerbitzu” bat delakoan eta “saihetsezina” behar zukeelakoan.
Lehenik eta behin, Irungo Oinaurre auzoan hirugarren anbulatorioari eraikitzea eskatu dute. Cristina Laborda alkateak gogoratu du 10.000 metro karratu inguruko partzela bat dagoela erreserbatuta horretarako. “Beti defendatu izan dugu aukerarik onena eta azkarrena dela, udalak 2015etik prestatuta daukan eremu bat baita eta Eusko Jaurlaritza berehala has liteke bertan eraikitzen”.
Horrez gain, duela urtebete Irungo Udalak erdialdeko anbulatorioari buruzko hirigintza txosten bat helarazi ziola Osasun Sailari gogoratu dute. Txosten horretan, erdialdeko anbulatorioa dagoen partzelaren xehetasunen berri eman zuten, hala nola, 1.500 metro karratu baino gehiago handi daitekeela.
Irunen profesionalak eta espazioak falta direla ere mahai gaineratu du Labordak. Lapitzeko anbulatorioa da zehazki EAEn paziente gehien artatzen dituen anbulatorioa, 38.000, hain zuzen. “Argi dago Irunen profesionalak eta espazioak falta direla, kontuan hartu behar baita Euskadin paziente gehien artatzen dituen anbulatorio bat daukala hiriak”.
Igor Enparan Hondarribiko alkateak nabarmendu duenez, “hondarribitarrok ere egoera hori jasaten ari gara, eta, beraz, bat egiten dugu osasun zerbitzua hobetzeko aldarrikapenarekin”. Enparanek Bidasoko Ospitalea handitzea galdegin du espezialitateak bertan egon daitezen. Helburua, zerbitzuak hurbiltzea eta herritarrentzat eskuragarriagoak izatea litzateke.
Azkenik, eskerrak eman dizkiete osasun langileei eta Osasun Bidasoa plataformari, “gure eskualdean osasungintzaren kalitatea hobetzeko denbora honetan guztian egin duten lanagatik”.