Igandero alboradak jotzeko ohitura, aspaldikoa
Hondarribia Txistulari Taldeko kideak goizeko zortzietan irteten dira igande zein jaiegunetan udaletxetik, herritarrei alborada eskaintzeko. Euskal Herriko herrietan galtzen joan den ohitura da.

Igandetan eta jaiegunetan, garizuma garaian izan ezik, txistulariek alborada jotzen dute. Aspaldiko ohitura da, Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan egiten zena. Egun, ordea, ez dira asko ohitura hau mantendu dutenak. Hondarribian, baina, tinko eutsi diote garai bateko misioari.
Irteera bakoitzean lau laguneko taldea osatzen dute: lehenengo txistua, bigarrena, silbotea eta atabala. Igandero taldeko txistulariak txandakatuz joaten dira. Udaletxean egiten dute hitzordua, 08:00etan, eta Alde Zaharretik zehar itzuli bat eman ondoren udalerriko beste auzo batera joaten dira: Portura, Puntalera, Soroetara, Muliatera, Amute-Kostara edo Mendelu auzora. Astero zortziko bat aukeratu eta goizean zehar abesti berbera errepikatzen joaten dira. Egun jakinetan, ordea, zortziko bereziak jotzen dituzte, «San Pedro, San Juan, Ama Birjinaren egunean…».
Goizeko ordu horietan kaleak txistularienak izaten dira, herritarrak, oro har, lotan izaten baitira. «Gaupaseroren batekin edo beste gurutzatu izan gara», azaldu du Joxe Mari Etxaburu taldekideak, barrez. «Balkoietara ateratzen da nor edo nor, baina gutxi izaten dira». Publiko gehiegirik ez badute ere, gustura aritzen dira. Herriko eta Euskal Herriko ohitura mantentzeko irteten da Etxaburu ahal duenero, eta noski, jotzea ere gustuko duelako. Alberto Lasak txantxetan azaldu du alboradetan zergatik ateratzen den ahaztua duela; izan ere, 50 urte baino gehiago daramatza txistua jotzen, «oso gustuko dut». Aita eta aitona txistulariak zituen, eta sei urterekin hasi zen instrumentua jotzen. 15 urte zituela irten zen lehen aldiz alboradetan.
Berezitasunak
Hondarribiko Txistu Taldea Kultur Elkartea zazpi edo zortzi txistulari eta lau atabalarik osatzen dute, eta erreleboa oraindik bermaturik dagoela baieztatu dute biek ala biek. Alboradez gain, egun berezietan segizioan irteten dira, eta urtean behin txistularien kontzertua egiten dute: aurten 58. ekitaldia izango da, txistularien Gipuzkoako kontzertu zaharrena da.
Egun jakinetan janzkera berezi batekin ateratzen dira, Arratiako artzainen jantzietan oinarritutakoa: jaka gorria, galtzerdi zuriak, galtza motzak, kapa eta bi puntako kapela.