Kirol Gala hilaren 20an egingo da
Irungo kirolarien lana aitortzeko sariak dira eta Ficoban egingo da hilaren 20an. Irundarren Saria hautatzeko bozketa bihar hasiko da.
2024ko Kirol Galaren berri eman du gaur Borja Olazabal Kirol ordezkariak eta otsailaren 20an izango da Ficoban, 19:30ean. Sari hauekin bertako kirolarien talentuari aitortza egiteaz batera, kirolarekin nolabaiteko harremana duten beste pertsona batzuk omentzen dituzte.
Guztira lau kategoria ditu sariketak: emakume eta gizonezko kirolari onenak, talderik onena eta Irundarron Saria. Azken hau boto bidez erabakitzen da eta bihar irekiko dute horretarako epea, hilaren 18 arte. Udalaren orrialdera jo behar da horretarako.
Hirugarren aldiz, gainera, txokolatezko baloia ere banatuko dute. Ohorezko sari bat dela azaldu dute eta kirol munduan ibilbide luzea egin dutenentzako aitortza egitea du helburu. Aurtengo sariduna egunean bertan iragarriko dute.
Olazabalek nabarmendu egin du bertako talentuari aitortza egitea hurrengo belaunaldientzako erreferentziak sortze aldera. Bide horretan, iaz erretiratu ziren Ander Elosegi eta Julen Aginagalde omenduko dituzte. “Gaur, inoiz baino beharrezkoagoa da bertako kirolarien talentua ezagutaraztea, hurrengo belaunaldientzako erreferentzia eta eredu izan daitezen”.
Hona hemen Irundarren Saria jasotzeko hautagaiak:
- Aitor Gorrotxategi. Zortzigarrena Piraguismoko Munduko Kopako K-4 modalitatean)
- Aitzpea Gonzalez, Amaiur Etxeberria, Ainhoa Zapirain eta Naroa Zubimendi. Espainiako txapeldunordeak arrauneko 4 Scull modalitatean.
- Alain Oiartzun. Real Unióneko jokalaria eta Lehen Federazioko asistentzia emaile nagusia.
- Alba Rodriguez. 20 urtetik azpikoen borrokako munduko txapeldunordea eta bi aldiz Espainiako txapelduna.
- Ander Gamon. Automobilismoko abiadura txapelketako irabazlea.
- Asier Antonio. Frantziako Eskubaloi Ligako Bigarren Mailako entrenatzailerik onena.
- Bidasoa-Irun. Asobal Ligako lehenengo itzuliko puntu kopuruan errekorra lortzeagatik.
- Haimar Etxeberria. Txirrindularia. Denboraldian lortutako emaitzengatik
- Iñaki Peciña. Brontzezko dominaren irabazlea Munduko Eskubaloi Txapelketan.
- Irati Beorlegi. Zilarrezko dominaren irabazlea Europako OCR Txapelketan.
- Irun FutSal. Taldea sortzeagatik eta Irunen areto futbola berreskuratzeagatik.
- Jon Medrano Ibilketa nordikoko Europako hirugarrena eta Espainiako txapelduna.
- Jose Mari Zabala Atleta, urrezko lau dominaren irabazlea Espainiako Master txapelketetan.
- Klara Olazabal. Ur bizietako Espainiako txapelduna izateagatik eta Espainiako selekzioan Joko Olinpikoetara joateko tokia lortzeagatik.
- Leka Enea Irun. Harrobiarekin lortutako emaitzengatik.
- Lur-Alai Squash Kluba. Irunen squasha sustatzeagatik.
- Malen Juaristi, Ane Amostegi, Naroa Larrarte eta Eneritz Aizpiolea. Txapeldunordeak Piraguismoko Espainiako Txapelketako K-4 200 modalitatean.
- Mariño Real Union. Taldea sortu eta emakumezkoen futbola sustatzeagatik.
- Mayumi Voley. Irunen emakumezkoen bolei talde bat sortzeagatik.
- Santiagotarrak. Emakumezkoek lortutako emaitzengatik.