Inauterietako ospakizunei hasiera emateko prest
Ostegunetik astelehenera bitarte ekintza ugari antolatu dituzte. Ikus inauterietako egitaraua.
Gaur hasiko dira ofizialki Hondarribiko inauteriak. Arratsaldean Hondarribia Musika eta Dantza Eskolako ikasleak animaliez mozorrotuta irtengo dira 17:00etan eskolatik. Alde Zaharreko kaleak zeharkatu eta eskolan bertan amaituko dute kalejira. Bihar, hilak 9, Hondarribia Hiria Musika Bandak inauterietako kontzertua eskainiko du Itsas Etxea Auditorum-ean 19:00etan. Gonbidapenak Arma Plaza Fundazioan edota online eskuratu daitezke. Ordu berean Gazte Olinpiadetako laugarren jardunaldia izango da. Parodia proba izango dute eta Jostaldi Pilotalekuan gauzatuko da.
Larunbatean, hilak 10, 10:00etan abiatuko dira Emeki Elkarteak antolatutako Mairuak. Jaizkibel Kanpinean egingo dute hitzordua eta bertatik, baserriz baserri joango dira puska bila. 11:30ean Abiyuan Txaranga herriko kaleetan zehar ibiliko da, herria musikaz blaitzen. Herri bazkaria 14:30ean hasiko da, Arma Plazan. Bertan bazkaltzeko mozorrotuta joatea ezinbestekoa dela zehaztu du udalak. Arratsaldean, 15:30ean Egoipar Meaka Euskal Dantza Taldeak Euskal Inauteria egingo du. Baserriz baserri dantzan arituko dira. 18:00etan Peña Poteo txarangak Alde Zaharra girotuko du 20:00ak arte. Egunari amaiera emateko DJ Viv-ek saioa eskainiko du Arma Plazan ezarriko duten karpan, 22:30etik aurrera.
Igandean, hilak 11, igandero lez irtengo dira Hondarribiko Txistulariak. Hondarribiko Txistu Taldearen alborada 08:00etan izango da. Alde Zaharretik lehen itzulia egin ondoren Portuan barrena ibiliko dira. 10:30ean hasiko da inauterietako desfilea. Ibilbidea honakoa izango da: Arma Plaza, Minasoroeta, Sabin Arana kalea, Zuloaga kalea eta San Pedro kalea. Arratsaldean Marie de Jongh konpainiak Bo Jauna antzezlana eskainiko du 18:00etan Itsas Etxean.
Ekitaldiekin amaitzeko, astelehenean, hilak 12, inauterietako sari banaketa egingo dute Udaletxeko Areto Nagusian. Kartel irabaztea, inauterietako erakusleiho onena eta desfileko sariak banatuko dituzte bertan.
Egun hauetan eraso sexistarik gertatu ez gero hurrengo telefonoa herritarren eskura dagoela gogorarazi du udalak: 688 718 797. Zerbitzua ostiraleko 19:00etan aktibatuko da eta igandeko 08:00ak arte martxan izango da. Udalak argi adierazi du ez dutela inolako eraso sexistarik onartuko.