Harrituta iritsi da Zanpantzar Irunera
Udaletxeko arkupeetan agurtu dute herritarrek Zanpantzar, musikarekin batera. Haizeteagatik bertan behera geratu da desfilea.
Epaiketa egunetik gertuago dago gaur Zanpantzar. Gaur, Irungo San Juan plazara ekarri dute Xabier Garatek eraiki duen aurtengo izakia. Pazko uharteko moiai bat hartu du oinarri, “harrituta” dagoela irudikatzeko hainbeste gerra aurrean.
Bidasoko Erraldoiek eta bertan, Auntxa Trikititxa Eskolako, Udal Kontserbatorioko eta Txingudiko Dultzaineroek musika jo dute. Ohiko desfilea bertan behera utzi behar izan dute haizeteagatik.
Ostegun gizena bukatu da, eta bihar, ostiral kaxkarra, inauterietako konpartsen urteroko aurkezpena egingo da Amaia KZn, 20:00etan. Gonbidapena lortu behar da bertaratu ahal izateko, turismo bulegoan edota leihatilan.
Larunbata, Inaute aurrea, hilak 10
Larunbatean, berriz, 09:00etatik 11:00etara, Eraiki eta Meaka dantza taldeek eta Txorimaloak Soinu Taldea, norbere kabuz, hainbat auzotako baserritatik ibiliko dira, hala nola, Anaka, Behobia eta Meakatik. Xehetasun guztiak, hemen.
Euskal Herriko inauteriak izango dira Irungo kaleetan barna Kemen Dantza Taldearen eskutik. Irteera, Pio XII plaza izango da eta bertatik, Serapio Mugika, Juan Arana, Luis Mariano, Zabaltza plaza, Kolon pasealekua, Foru Karrika, Kale Nagusia, zeharkatuko ditu eta San Juan plazan amaituko da. Kemen Dantza Taldeak antolatua da ekitaldi hau.
Arratsaldean konpartsak irtengo dira Lentxunborroko hiribidetik eta ohiko bidea egingo dute San Juan plazaraino. Aurten, hamasei konpartsa aterako dira eta bukaeran parte hartze librerako lekua utzi dute.
Iluntze aldera, 20:30etan, Burrunba elektrotxarangak joko du San Juan plaza inguruan. Segidan, Zabaltza plazan, diskofesta egingo da.
Igandea, Zaldun Inautea, hilak 11
Egoipar, Kemen eta Meakako Adixkideak dantza taldeak, Meaka, Arbes eta Olaberria auzoetatik ibiliko dira beren kabuz, baserriz baserri. Denak ala denak 09:00etan abiatuko dira.
Aurreko egunean bezala, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, konpartsak aterako dira Irungo kaleetan zehar. Guztira 14 konpartsa izango dira, erraldoiekin eta joaldunekin batera.
Asteartea, astearte inautea, hilak 13
Zabaltza plazatik Sardina lurperatzeko eta Zanpantzar erretzeko taldea irtengo da eta, Kolon pasealekua, Foru karrika eta Kale Nagusia igaro ondoren, San Juan plazan amaituko da. Bertan, Zanpantzar erreko dute.