Biok Txingudik ez galtzen segitu nahi du
Jardunaldiz betetako asteburua da Txingudi Errugbi klubarena. Gainera, Sei Nazioen txapelketako partidak ikusteko aukera izango da haien tabernan.
Beste jardunaldi bat dute aurrean Txingudi errugbiko taldeek. Zaisa Txingudik Zarautz B jasoko du etxean, 16:00etan; eta Biok Txingudik Emakumeen Ligaren bigarren faseari ekingo dio. 18 eta 16 urte azpikoen bi taldeak kanpora joango dira jokatzera, Arrasatera eta Bilbora, hain zuzen.
Zaisa Txingudi
Iñigo Camareroren mutilek bost partida daramate galdu gabe eta erritmo horri eutsi nahi diote. Asteburu honetan Zarautz B jasoko dute etxean, 11:00etan, eta kanpoko zelaian jokatu zuteneko jipoiari erantzuna ematen ahaleginduko dira. Aldi berean, sailkapeneko hirugarren postuari eustera joango dira.
Pasa den astean Igorren lortutako garaipenaren ondoren, Txingudik 24 puntu batu ditu La Unica B sailkapenean aurreratuz. Asteburu honetako aurkaria bosgarren sailkatzen da 19 punturekin, eta, hortaz, ezinbestekoa da Zaisa Txingudirentzat puntuak gehitzea.
Camarerok Ioritz Franco zelairatu ahal izango du, baina ezin izango du Jon Sanchezekin kontatu. Jenö Kocsis eta Lander Vielba zalantzan daude. Jakinarazi dute norgehiagoka zuzenean jarraitu ahalko da klubeko sareen bidez.
Biok Txingudi, B multzora sailkatuta
Emakumezkoen Euskal ligako lehenengo faseari amaiera emango zaio asteburu honetan eta Biok Txingudik dagoeneko badaki zein multzotan jokatuko du bigarren itzulian.
Klubaren esanetan, lan bikaina egin du taldeak, jokalariak elkarrekin aritzen diren lehenengo denboraldia dela kontuan hartuta. Azkeneko norgehiagoka jokatzeke dagoela, Asier Gonzalezek entrenatutako taldeak bost garaipen lortu ditu hamaika partidetan, azken unera arte ligako sei onenen artean sailkatzeko aukerak izanik.
Izan ere, aurreikusi gabeko Gaztedi Bren erretiroak A multzoan sailkatzeko aukerak kendu dizkio Biok Txingudiri. Kirol-diziplina batzordeak talde honen emaitzak baliogabetu ditu eta, ondorioz, bost puntu galduta, zazpigarren sailkatuko da, larunbatean edozer gertatzen bada ere.
Hala ere, taldea pasa den urteko txapeldunari ezustekoa emateko lanean aritu da aste honetako entrenamenduetan. Asteburuko aurkaria, Bera Bera-Ordizia, laugarrena da 39 punturekin.
Gazteak Plaiaunditik urrun
16 eta 18 urtez azpiko taldeek jardunaldia izango dute asteburu honetan ere bai. Txingudi-Bera Bera 18 azpikoek Bilbon jokatuko dute larunbat honetan 10:45etatik aurrera Uni Bilboren aurka.
Gabiria Txingudi-Baztan 16 urtez azpikoak, aldiz, 10:00etan hasiko du Arrasate-Elorrioren aurkako norgehiagoka Arrasateko Mojategi zelaian.
Azkenik, Sei nazioen txapelketako errugbi partida batzuk ikusteko aukera izango dela taldearen tabernan iragarri dute. Larunbatean bi hitzordu izango dira, Eskoziak Frantziaren aurka jokatuko duena 15:15etan eta Ingalaterra eta Galesen artekoa 17:45etan. Igandean, berriz, Irlandak Italia jasoko du 16:00etatik aurrera.