Bidasoak Beñardo Garcia omenduko du bihar Artalekun
Irundarrek Torrelavegaren aurka jokatuko dute bihar (ostirala), 21:30ean. Bidasoako presidente izandakoa iazko abenduaren 24an zendu zen, eta klubak haren figura oroituko du hainbat keinurekin.
Iazko abenduaren 24an Beñardo Garcia Etxeberria Bidasoa Iruneko ohorezko presidentea zendu zen, eta klub irundarrak hainbat omenaldi egingo ditu presidente izandakoaren figura oroitzeko. Garcia zendu zenetik biharkoa (ostirala) da Bidasoak Artalekun jokatuko duen lehen partida, eta hainbat ekintza eta keinu egingo dizkio hiru garaietan klubeko presidente izandakoari. Bidasoak Torrelavega jasoko du bihar Artalekun, 21:30ean, eta garaipenaren bidera itzultzen ahaleginduko da azken jardunaldian lidergoan den Bartzelonaren aurka galdu ondoren.
Alde batetik, klubak Garciak Artalekun zuen ohiko eserlekua betirako gogoratuko du. Zazpigarren sektoreko hamalaugarren lerroko 121. eserlekuan jarraitzen zituen presidente ohiak Bidasoaren neurketak, eta hemendik aurrera bere izena eramango du.
Bestetik, irundarren eta Torrelavegaren partida hasi baino lehen minutuko isilunea egingo da Artalekun. Garciaren familiari, gainera, omenaldia egingo dio Bidasoak.
Azkenik, Bidasoako jokalariek presidente izandakoaren oroimenezko elastikoa eramango dute biharko partidan. Jokalari guztiek Beñardoren izena eramango dute dortsal bakoitzaren azpian. Horrez gain, Garciaren irudi txiki bat ezarri dute elastikoaren atzeko aldeko goialdean, Europako Kopa eusten. Aurrealdean, armarriaren ondoan, honako testua izango du elastikoak: Beñardo García Echeverría, 1948-2023.
Ohorezko presidenteak urte luzez egindako lana eskertzeko egiten zaion edozein ekintza eta keinu “motz” geratzen dela adierazi du klubak. Bidasoak zaleei aldez aurretik Artalekura joateko eta omenaldian parte hartzeko deia luzatu die.