Kontsumo arduratsurako, Mikromezuen lehiaketa
'Bost zentzumenekin erostea da' aurtengo leloa eta 10 eta 17 urte bitartekoei zuzendutako lehiaketa da. Martxoaren 3a da lanak aurkezteko azken eguna.
Urtero moduan, aurten ere Mikromezuen lehiaketa antolatu du Irungo Udaleko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal bulegoak. Ideia, martxoaren 15a Kontsumitzaileen Eskubien Munduko Eguna denetik sortu zitzaien eta lehiaketarekin belaunaldi berriak kontsumo arduratsurako jardunbide egokien gainean sentsibilizatu nahi dituzte.
Aurtengo leloa Bost zentzumenekin erostea da eta gehienez 800 karaktereko gogoetak idatzi behar dituzte 10 eta 17 urte bitarteko haur eta gazteek. Sergio Javier Kontsumo ordezkariaren arabera, “Hausnarketa ariketa bat da hau, eta kontsumo arduratsu, kontziente eta kritikoa sustatu nahi du gazteen artean, publizitateak eta Internetek aparteko eragina baitute haiengan. Bestalde, oso informatuta daude, eta, horrexegatik, oso exijenteak dira. Bada, ziur nago ideia bikainak emango dizkigutela kontsumo joerei buruz”.
Lanak martxoaren 3rako aurkeztu beharko dira, Whatsapp bidez, 688 756 254 zenbakira idatzita, edo posta elektroniko bidez, eta sari banaketa, berriz, martxoaren 15aren inguruan izango da, Kontsumitzaileen Eskubideen Munduko Eguneko ospakizunen esparruan.
Bi kategoria egongo dira, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, eta hartara, bi sari banatuko dira bakoitzean: lehenengo saria ordenagailu eramangarri bat izango da, eta bigarrena, adimendun erloju bat.