Irungo eskoletako aurrematrikulazio kanpaina hasi da
Martxoaren 12an, aurkeztutako eskaeren zerrenda argitaratuko da, eta 26an, behin behineko zerrendak. Ikastetxeek bisita egunak iragarri dituzte.
Gaur hasi da Irungo eskola publikoetako aurrematrikulazio kanpaina; bereziki 2021 eta 2022 urteetan jaiotako haurren aurrematrikulazioa egitekoa oraingo kanpaina.
Eskaera online egin beharko da Ikasgunea atariaren bidez, eta aurrez aurre egitea nahiago duenak hitzordua eskatu beharko du, hurrenkeraren arabera hautatu duten lehenbiziko ikastetxean.Dokumentazioa gaurtik hilaren 23ra bitartean entregatu behar da, eta martxoaren 12an eskaeren zerrenda argitaratu da, eta 26an, behin behineko zerrendak.
Honako dokumentu hauek entregatu behar dira: familia liburuaren eta nortasun agiriaren edo atzerritarraren identifikazio zenbakiaren fotokopiak; ikaslearen etxeko errolda eta bizikidetza agiria edo familia unitateko kide guztien erroldatze ziurtagiria; puntuak ematen dituzten zirkunstantziak (minusbaliotasuna, lantokiaren helbidea, familia ugaria) egiaztatzeko dokumentuak; Gipuzkoako Lurralde Historikotik kanpo egin dutenek soilik 2022ko errenta aitorpena; eta EAEtik kanpo eskolatutako ikasleen guraso eta tutoreek haiek egindako ikasketen ziurtagiria.
Zenbait gomendio
Ikastetxe batean 2 urteko gelan matrikulatuta dauden eta ikastetxe berean segitzen duten haurrei lekua gordeko zaiela azaldu dute, eta beraz, ez de beharrezkoa izango aurrematrikula egitea.
Bestalde, eskabidea zein egunetan aurkezten denak ez du eraginik izango balorazioan. Aurrematrikulak irizpide berei jarraikiz barematuko dituzte, lehenengo egunean aurkeztu zein azken egunean aurkeztu. Azkenik, Hezkuntza Sailak zehaztuko du ikastetxe bakoitzean zenbat toki gordeko dituzten hezkuntzan berariazko laguntza premiak dituzten ikasleentzat. Araudia, lotura honetan kontsulta daiteke.
Eskola bakoitzak ikastetxea bisitatzeko egun eta orduak finkatu ditu. Horiek udalaren orrialdean edota ikastetxe bakoitzaren atarian kontsulta daitezke.