Euskal Jiraren bideragarritasun ekonomikoa kolokan
Batzordeak ohartarazi du egoera ekonomikoa "zaila" dela eta festaren etorkizuna arriskuan dagoela. Udalari galdegin diote bideragarritasun ekonomikoa berma dezala, otsailean iritsi behar zaien diru laguntzarekin.
Euskal Jiraren batzordeak jakinarazi du egoera ekonomiko zailean dagoela antolakuntza eta ohartarazi dute festa arriskuan dagoela. Gaur gaurkoz, bi diru iturri nagusi ditu jaiak; Irungo Udalarena batetik, eta Urdanibia plazako txosnatik ateratakoa bestetik.
Bi diru iturri horietatik Kultura sailarena “ezinbestekoa” dela diote, eta txosnatik ateratakoa ez dela “nahikoa”. Hartara, udalari galdegin diote bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzeko mekanismoak aktiba ditzala.
Izan ere, pandemiaren garaian bi urtez etenda egon da festa eta egoera ekonomikoak okerrera egin zuen. “2020 eta 2021 urteetan diru sarrerarik ez izateak, Euskal Jiran antolatutako jardueren gastuan nabarmen handitzeak, elkartearen lokalaren eta gurdien mantentze gastuak handitzeak, aseguru guztiak ordaintzeak eta batzordeko boluntario faltagatik, hainbat zerbitzu batzordetik kanpo kontratatzeko laguntza hau ezinbestekoa dugu”.
Haatik, Irungo Euskal Jira, elkarte gisa, desagertzeko zorian dago. Egoera ekonomikoak okerrera egindako arrazoiak zerrendatu dituzte, baina gaineratu egin behar zaio iazko edizioan, arratsaldean, euri jasa handia egin zuela eta txosnatik ez dutela behar adina diru sarrerarik izan. “Egoera hain da larria, non komisioko kideok dirua jarri behar izan baitugu gure poltsikoetatik faktura batzuk ordaindu ahal izateko”.
Urteak daramatzatela udala konbentzitu nahian Euskal Jirari zuzendutako laguntza ekonomikoa handitzeko beharraz adierazi dute, kultur ondare honen etorkizuna ziurtatzeko asmoz. Batzordearen ustetan diru laguntza handitzea “inbertsio interesgarria” litzateke, hiriarentzat erakargarri turistikoa litzatekeelako. Adibide gisa jarri dute Hendaiako euskal bestak.
Udaleko Kultura arloak, bai eta udalbatzako alderdi gehienak egoeraren jakitun direla diote eta haiek ere kezkatuta daudela azaldu diete. Era berean, arazo ekonomikoari irtenbidea aurkitu ahal izateko interesa agertu diete. Batzordeak gaineratu du udalak diruarekin lagundu nahi izatekotan, orain, otsailean jaso beharko luketela diru laguntza hori.
Udalari bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzeko lan egin dezala eskatu dioten bezala, herritarrei ere laguntza eskatu diete antolakuntza lanetan. Ateak zabalik dituztela gogoratu dute eta iradokizunak, ideiak eta proposamenak entzuteko prest dira. “guztion artean egin beharrekoa egingo dugu Irungo Euskal Jira kultur ondarea inoiz baino biziago mantentzeko”.
Gainera, iazko Euskal Jira aurkezteko prentsaurrekoan Uranzu frontoiko herri bazkariaren itzuleran laguntzeko eskatu zioten udalari, Euskal Jiraren antolakuntzaren belaunaldi erreleboa bermatuta egon dadin:”Modu egokiena da jende gaztea erakartzeko gure festara”.