Alkartasuna elkarteak irabazi du I. Babarrun Txapelketa
Giro ezin hobea, kalitatezko platerak eta mailako epaimahaia izan zituzten igandean. Hamabi elkartek eta hamaika baserrik parte hartu zuten.
Iragan igandean burutu zen hamaika baserri hamabi elkarte gastronomikorekin batu zituen I. Babarrun Txapelketa. Zumardikoak elkarteak antolatu zuen eta haien esanetan giro ezin hobea, kalitatezko platerak eta mailako epaimahaia izan zituzten. Gainera, azken unean HKT elkartea batu zen lehiara. Antolaketan parte hartu duen Iñaki Gezalaren hitzetan zoragarria izan zen hori, hasieran 8 elkarte 8 baserrirekin batzea baitzen intentzioa eta azkenean, esperotakoa baino arrakasta handiagoa izan zuen txapelketak. Eguna grisetik hasi zen eta goizean goiz fresko egiten baitzuen ere txapelketarako giro aproposa zela nabarmendu du Gezalak. Lehiari dagokionez oso giro ona sortu zela-eta, egun potolo eta borobila izan zela kontatu du.
Epaimahaiak ez zuen lan samurra izan, guztiek errezeta berdina jarraitu eta osagai antzekoak erabili behar izan zituztelako: Arabako olioa eta Añanako gatza, Eusko Label tipula eta Hondarribiko baserrietako babarrunak. Dastaketa eta adoste prozesu baten ondoren, Alkartasuna elkarteari eman zioten plater onenaren saria. Sukaldari lanetan aritu ziren Andoni Lekuonak eta Mikel Tellecheak jaso zuten saria. Hondarribia Kirol Taldea eta Alaiki elkartea izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Lehiaren ondoren bazkari ederra egin zuten Batzokian eta goxo prestaturiko babarrunak dastatu zituzten, sakramentu eta guzti.
Txapelketan parte hartu zuten elkarte eta baserriei eskerrak eman dizkie Gezalak, “ez parte hartzeagatik bakarrik, ondoren guztia jasotzen lagundu zigutelako ere. Hamar minututan plaza ezer egon ez balitz bezala geratu zen eta hori guretzako oso garrantzitsua da”. Lehenengo edizioaren arrakasta ikusita bigarren bat egiteko ilusioa dute antolatzaileek. Edizio honetan hartutako eskarmentuarekin kapaz ikusten dira. Une honetan, baina, burua datozen lehiaketetan dutela aitortu du Gezalak; Bakailu eta Marmitako lehiaketetan.
Bazkalostean abestera irten ziren Zumardikoak elkarteko kideak eta Santa Ageda bezperako koplak kantatu zituzten. Urte osoan zehar elkarteko koroarekin bat egitera animatu nahi izan dituzte herritarrak.