Txinzerren instalakuntzak bisitatu dituzte mankomunitatearen ordezkariek
Bertako lana eta funtzionamendua gertutik ezagutzeko aukera izan dute, San Antonetik Higer lurmuturreraino.
Txinzerren instalakuntzak bisitatu dituzte Txinzer Mankomunitateko Organoz Kudeatzaileko kideek. Era horretan, entitatearen lana eta instalakuntzak gertuagotik ezagutu dituzte eta bisitaren helburua bete dute: instalazio bakoitzean egiten denaren ikuspegi integrala eskaintzea. Bisita hori egiteko Leire Zubitur gerentea bertan izan da.
Lehenik, Endarako urtegiaren barrunbeak ikustera joan dira eta ura garraiatzeko sistemaren zirrikituak ezagutu dituzte. Txinzerreko arduradunak urtegiko egituraren barruraino joan dira eta gertutik ikusi dute nola hartzen den ura eta nola bideratzen den tunel eta hodietan barrena, Araztegira iritsi arte. Tarte horretan urtegiari buruzko datuak eman dituzte, hala nola, sakonera eta uraren kudeaketari buruzkoak.
San Antoneko urtegitik, Edateko Uraren Tratamendurako Estaziora joan dira. Bertan, egunero etxeetan kontsumitzen den uraren kalitatea eta edangarritasuna bermatzen duen tratamenduaren fase guztiak ikusi dituzte. Horretarako behar diren makinak eta sistemak ezagutu dituzte eta estazioaren burmuin operatiboa den aginte koadroak ere ikusi dituzte. Hala, kalitate estandarrak betetzen direla ziurtatzeko parametro bakoitza nola monitorizatzen eta doitzen den argi eta garbi ikusi dute.
Bisita amaitzeko, Txinzerreko kideak Hondakin Urak Tratatzeko Planta (HUA) modernoan izan dira, eta saneamendurako eta ingurunea babesteko egiten diren funtsezko prozesuez hitz egin diete bertan. Bisitaren azken geldialdi honi esker, agerian utzi nahi izan dute Txinzerren eragiketen ezaugarri diren iraunkortasunarekiko eta ingurumenarekiko errespetuarekiko konpromisoa.
Azkenik, Zubitur gerenteak Irun eta Hondarribiko zinegotzien parte-hartzearen garrantzia azpimarratu du, horietako asko Txinzerren parte baitira: “Funtsezkoa iruditzen zait uraren ziklo integralean dugun ondarea ezagutzea, gure instalazioetan egiten den lanari buruz informatuta eta inplikatuta egon daitezen. Uraren ziklo integrala kudeatzeko prozesuan interes handia erakutsi dute, eta uste dut oso bisita aberasgarria izan dela guztiontzat”.