Terrazen lizentziak berritzeko kanpaina, martxan
Urte natural osoko baimena edota udako denboraldikoa eska daitezke. Lizentzia horiek eskatzeko bi epemuga ezarri ditu udalak.
Dagoneko indarrik gabe utzi ditu udalak 2023an tabernei eta jatetxeei bide publikoan terrazak eta mahaiak jartzeko lizentzia, eta martxan jarri du 2024 urteari begirakoak eskatzeko kanpaina.
Baimena berritzeko berriro izapidetu beharko dute eskaera eta ordainketa zatikatzeko aukera dago. Hori egiteko udalaren egoitza elektronikora edota HAZ bulegoetara jo daiteke.
Epemugak desberdinak dira eskaeraren arabera; urte natural osoko baimena eskatzeko, 2024ko otsailaren 15a baino lehen egin behar da eskaera; aldiz, udako denboraldiko baimena eskatzeko (maiatzaren 1etik urriaren 31ra), eskaera 2024ko apirilaren 15a baino lehen egin behar da.
Baimenak urtebetekoak dira eta epe hori pasatzerakoan, berritzeko eskaera aurkeztu beharko dute. Egin ezean, instalazio guztia kendu beharko du eskatu duenak, eta bide publikoa aurretik zegoen bezala utzi. Bestalde, elementuak instalatzeko baimena edozein momentutan eska daiteke, baina bide publikoa okupatzeko baimena jaso arte itxaron behar da.
Behin baimenak emanda, urtean hiru kontrol egiten ditu udalak. Lehena otsail-martxoan izango da, udako denboraldiaren aurretik; bigarrena udan zehar egiten da; eta azkena, azaro partean.
Inspekzio horietan bide publikoan terrazak eta mahaian instalatzeko modua arautzen duen udal ordenantzaren arabera egiten dute, bai eta gizalegezko portaerak eta bide publikoa erabili, okupatu eta garbitzearekin lotutako kontuak arautzen dituzten udal ordenantzen arabera ere.