Ikust Alaia hiriaren historiaren museoa izango da
Egokitzapen lanekin bukatu dute, eta orain, proiektu museografikoa idazten ari dira. Luis Mariano izango da erakusketa lerro nagusia.
Ikust Alaia liburutegia izan zen baina hura itxi eta hiriaren museoa izateko lanei ekin zioten. Lan horiek 2018 eta 2023 urteen artean egin zituzten 1.750.677, 28 euroko aurrekontuarekin. Orain, etorkizuneko museoaren proiektu museografikoa prestatzen ari direla jakinarazi du udalak.
Luis Mariano musikari eta aktore irundarra izango da erakusketa lerro nagusia. Marianorekin baliatuko dute ere hiriaren historia kontatzeko hari gidari gisa. Asmoa da pertsonaiaren garrantzia nabarmentzea, bai ikuspuntu artistikotik, bai bere garaiko kkultura eremuan izan zuen eraginagatik, lotura duelako hiriaren garapena eta konfigurazioa markatu zuten mugarriekin.
Udalak ere planteatu du proposamen garaikideagoetara irekitzea eta aipatutako diskurtso nagusiarekin elkarrizketan egongo litzateke, betiere “hiriaren nortasunari buruzko hausnarketa” alde batera utzi gabe.