Guardia Zibilaren jazarpena salatu du SST-k
South Side Taldeko kideak Tarazonan izan ziren urtarrilaren 27an Real Unioni babesa emateko. Guardia Zibilak "inolako arrazoirik gabe identifikatu, mehatxatu eta intimidatu" zituztela salatu dute.
Urtarrilaren 27an, Real Unionek Tarazonan (Zaragoza) jokatu zuen. Irundarrek garaipen garrantzitsua lortu zuten jaitsierako postuetatik aldentzeko (0-1). 22 jardunaldi jokatuta, txuri-beltzak sailkapeneko hamaikagarren postuan dira 29 punturekin, eta zazpi puntuko errenta dute jaitsiera postuekiko.
Tarazonako harmailetan South Side Taldeko (SST) kideak izan ziren Real Unioni babesa emateko. Taldeko kideek nabarmendu dute Tarazonako herritar zein klubeko langileen jarrera “zintzoa eta atsegina” izan zela. Hala ere, lehen momentutik Guardia Zibilaren “jazarpena” jasan behar izan zutela salatu du SST-k. Besteak beste, “inolako arrazoirik gabeko identifikazioak, mehatxuak eta intimidazioa” jasan zituztela jakinarazi dute.
Orotara, SST-ko zazpi kide identifikatu zituztela adierazi dute, “komunean agertutako pegatinak eta epailearen segurtasuna” bezalako arrazoiak leporatuz. Horrez gain, poliziak kide bat intimidatu eta mehatxatu zuela salatu dute, “esto te pasa por vasco” esanez.
Alde batetik, SST-k “euskaldunak izate hutsagatik” zenbait lekutan jasan behar dituzten “jarrera errepresiboak” salatu dituzte; eta bestetik, Real Union animatzeko eskubidea aldarrikatu dute. “Hemendik aurrera gure taldea animatzen jarraituko dugu, oztopo guztien gainetik”, esan dute.