Lehen arreta hobetzeko legez besteko proposamena egin du EH Bilduk
Eusko Legebiltzarrean proposatu du anbulatorio berria Oinaurren eraikitzen hastea, bai eta Irun Erdigunekoa handitzea ere. Horretarako, adostasuna eskatu dute.
Irungo lehen arretako zerbitzuak hobetzeko legez besteko proposamena aurkeztu du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarrean. Premiazkotzat jo du hiriko lehen arretako zerbitzuak hobetzea, bertako anbulatorioak “zaharkiturik eta txiki geratu direlakoan”.
Proposamenean, zehazki, Oinaurreko anbulatorioa eraikitzen hastea eta Lapitzeko osasun zentroa handitu eta eraberritzea galdegin ditu. Horretarako adostasuna izan du hizpide, udalarekin, bertako langileekin eta Osasun Bidasoa plataformarekin, hain zuzen ere.
Era berean, anbulatorioen eta herritarren egungo sektorizazioa berrikusteko beharrari eutsi dio, “banaketa zentzuzkoagoa eta hurbilagoa” izateko, orain horrela ez delako Uberaren esanetan, gertutasuna eta irisgarritasuna bermaturik ez daudelakoan. “Ez da normala erdigunean bizi diren herritarrak Dunboako osasun zentrora bidaltzea, euren bizitza naturala eta garraiobideak kontuan hartu gabe; horrek osasuna sustatzeko ekimen komunitarioak, berebiziko garrantzia dutenak, garatzea zailtzen du”.