CBAren zati berriaren antolamendua aurkeztu dute
CBA espazioak 2.400 metro karratu gehiago izango ditu, eta horietan, areto bat, tailer aretoak edota erakusketa gune bat izango dira.
CBA liburutegiak obalo forma dauka eta gaur gaurkoz obalo horren erdia dago erabilgarri, udal liburutegia dena. Bien bitartean, obaloaren beste erdiaren lanekin ari dira eta gaur, Nuria Alzaga Kultura ordezkariak etorkizuneko espazio horren xehetasunak eman ditu.
Egun, 2.700 metro karratu ditu espazioak eta egiten ari diren obrekin 2.400 metro karratu gehiago izango ditu. Gehituko dituzten metro koadro horietan espazio desberdinak sortuko dituzte topaketetarako, sorkuntzarako eta kultura ekintzarako: areto eszeniko bat, sormen programak garatzeko tailer aretoak, gazteartean gazteentzako gunea, erakusketa gune bat eta egungo ikasketa gelaren zabalpena.
Areto eszenikoak eserita daudenentzako 157 pertsonentzako edukiera izango du eta zutik 385 pertsona sartuko dira. Gainera, agertoki hori konfiguratu ahalko da besaulki mugikorren sistemari esker. Alzagak aurreratu du areto eszenikoa Irun Zuzenean festibalaren markarekin lotura izango duela eta festibalaren eskaintzaren zati bat bertan egingo dela; esaterako, formatu ertaineko kontzertuak.
Tailer aretoak sorkuntza programetarako egoitza ere izango direla azaldu dute. Hala, bertan egingo dira Kontenporanea, Ribera edota Soinulabor. Laburbilduz, laborategi gune bat izango da.
Gaztartean espazioa ere egongo da 2.400 metro karratu horietan eta horren helburua izango da herritar gazteekin harremana sustatzea, ekimenetan lagunduz gazte sortzaile eta konprometituak sortzeko, eta hori guztia kultura, gizarte berrikuntza eta norberaren eta erkidegoaren ahalduntzea sustatze aldera.
Erakusketa gunea ere esperientziarako espazioa izango dela dio Kultura ordezkariak. “Batetik, sortzen ari den talentuari arreta berezia jarriz egingo dira erakusketak, baina, bestetik, esperientzia espazio bat ere izango da, topaketarako eta sormena gozatzeko gune bat, prozesuei arreta berezia eskainiz”.