Inauterietan ohiko trafiko aldaketak
Larunbat honetan hasiko dira Inauterietako jarduerak eta trafiko mozketak eragingo ditu erdigunean.
Larunbat honetan hasiko dira Inauteriak Irunen, Inude eta Artzainen desfilearekin, eta hilaren 13ra arte luzatuko dira. Ospakizunak medio, zenbait kale moztu beharko dira, eta aldaketak egingo dituzte autobus zerbitzuan ere.
Lehen trafiko mozketak, beraz, larunbat honetan izango dira eta 12:00etatik 14:00ak arte luzatuko dira, gutxi gorabehera. Bestalde, otsailaren 3an kaldereroen desfilea eta manifestazio bat ere egingo dira eta horrek zirkulazioari eragingo dio hiriko zenbait puntutan 18:50etatik 20:30ak arte, gutxi gorabehera.
Goizean, 11:45etatik aurrera, Santiago kalea itxita egongo da, harik eta desfilea Eskoleta kalean sartu arte; 12:10etatik aurrera, zirkulazioa modu puntualean itxiko da Nafarroa hiribidean, Eliza kalean eta Colon pasealekuan, harik eta desfilea San Juan plazan sartu arte.
Gero, 12:30etatik aurrera, Colon pasealekuak itxita segituko du Eliza kalearen eta Gipuzkoa hiribidearen artean, bi noranzkoetan. Aldiz, Gipuzkoa hiribidea irekita egongo da bi noranzkoetan, eta ibilgailuak Colon pasealekura sartu ahalko dira, Hondarribiko noranzkoan. Azkenik, Nafarroa hiribidetik datozenak San Juaneko itzulbideraino joan ahalko dira, eta, bertan, noranzkoa aldatu beharko dute.
Trafiko aldaketa guztiak lotura honetan kontsulta daitezke.