Bueltan da Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa
Aitzondo Euskara Taldeak hartu du IX. txapelketa antolatzearen lekukoa, eta 23. Korrika Irundik abiatuko dela baliatu dute berriro antolatzeko. Martxoaren 2an egingo dute, Palmera Montero gunean.
Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen IX. Txapelketa egingo dute martxoaren 2an Palmera Montero gunean. 2007an sortu zen lehiaketa, baina 2015ean azken edizioa egin zuten. Aurtengoa da itzuleraren urtea eta Aitzondo Euskara Taldeak hartu du antolatzearen lekukoa; 23. Korrika Irundik abiatuko dela testuinguru gisa hartu dute erabakia. Antolakuntzan AEK eta Irungo Udala ere badaude.
Beste edizioetan bezala, Joxan Elosegik prestatu ditu hitz gurutzatuak. Zentzu horretan ez da aldaketarik egongo, eta abantaila izango dute Elosegiren gurutzegramak nolakoak diren dakitenek. Dena den, abantaila eduki ez baina hartu nahi dutenek txapelketaren orrialdean kontsulta ditzakete beste urteetako gurutzegramak.
Txapelketaz gain, topaketa bat ere badela nabarmendu nahi izan du Aitzondok: “Elkarrekin topo egiteko eta elkar ezagutzeko aukera izango baitute egun horretan, giro alaian eta patxadan, euskarazko hitz jokozaleek, garai batekoek eta egungoek”. Zehaztu dute zale horiei begira aritu direla lanean, haien helburua ez delako “puntako hitz gurutzatuen ederra besterik gabe egitea, baizik eta denon gustuko giroa sortzea eta guztioi egun goxoa eskaintzea”.
Egun osoaren egitaraua, albistearen bukaeran dago jasota.
Lehiaketa
Martxoaren 2an izango den txapelketa egunak 10:00etan izango du hastapena. Palmera Montero gunean izango da (Leandro Agirretxe plazatxoa 1 zenbakia) eta txapelketari 10:30ean ekingo diote, lehiakide guztiak aretoko mahaietan egokitu ondoren.
Azterketen gisako formatua izango du lehiak, hau da, parte hartzaileek ezingo dute elkarren artean mintzatu ez eta aldamenekoari begiratu ere. Lagun bakarra, hiztegia izango da baina analogikoa, hau da, mugikorra edo ordenagailua ezingo da erabili. Hitz gurutzatuak osatzeko beharrezko materiala eramatea–papera, arkatzak, borragomak etab– antolatzaileen ardura izango dela azaldu dute.
Lehiaketak hiru aldi izango ditu: hasierako proba, finalaurrekoa eta finala. Ordutegiak, honako hauek:
- Hasierako proba: 10:30etik 11:15era.
- Finalaurrekoa: 11:30etik 12:15era.
- Finala: 12:30etik 13:30era.
Hasierako proba mahaian egingo dute eta fase honetan ez da kanporatzerik egongo. Era horretan, hasierako proban parte hartuko dutenak, finalaurrekoan egongo dira. Lehen proba honetan 10×10 lauki dituen hitz gurutzatu taula bat bete beharko dute gehienezko hiru ordu eta laurdeneko denboran.
Hurrengo aldian, finalaurrekoan, kanporaketak egingo dituzte finala zehazte aldera. Kasu honetan, 12×12 lauki dituen hitz gurutzatu taula bat bete beharko dute eta horretarako hiru ordu laurden izango dituzte gehienez ere. Aurreneko hiru postuetan geraturiko lehiakideak izango dira finalerako sailkatuak.
Ordura arte lehiaketa atea itxita egingo badute, finala jendaurrean jokatuko dute. Gainera, mahaian izan beharrean, asto gainean paraturiko paneletan jokatuko dute, eskolako arbelean baleude bezala bete beharko dute egitekoa. Modu horretan ez dute jakingo ondokoa zertan dabilen.
Azken proba honetan 15×15 lauki dituen hitz gurutzatu taula bat bete beharko dute, kontuan hartuta ordubeteko denbora muga izango dutela horretarako.
Ondoren, bazkaria egiteko asmoa daukate, oraindik erabaki ez duten leku batean. Dena den, bazkaltzen gelditu nahi duenak abisatu egin beharko du izen ematearekin batera. Pertsonako beste bi pertsona joan daitezke gehienez eta otordu bakoitzaren prezioa 20 eurokoa da.
Neurgailua
Familiakoak diren joko probetan egin bezala, zuzentasuna eta lastertasuna izango dituzte neurgailu, hurrenez hurren. Garrantzitsua izango da taula bizkor betetzea, baina ez da hori aski izango aldeak zehazteko. Izan ere, erantzunen zuzentasuna izango da probaren bukaeran gogoan hartuko den irizpide nagusia, eta lastertasuna gero.
Lehiakideen denborak, lehiakide guztien ikusmenean egongo diren erloju sinkronizatu batzuen arabera zehaztuko dituztela argitu dute. Epaile lanetan, berriz, Aitzondo elkartearen ordezkariak arituko dira.
Hiru sari egongo dira jokoan:
- Lehenengo postua: txapela eta 400 euro.
- Bigarren postua: 200 euro.
- Hirugarren postua: 100 euro.
Izen ematea
Parte hartzeko gutxieneko adina 14 urtekoa da. Horrez gain, izena emateko txapelketaren orrialdean dagoen orria bete behar da eta 5 euro ordaindu, txapelketaren egun berean. Inskribatzeko azken eguna otsailaren 29a da.
Bestalde, informazio gehiago jasotzeko edo zalantzak argitzeko 685 783 470 zenbakira Whatsapp bidez idazteko aukera zabaldu dute (Beñatengatik galdetu).
Palmera Montero gunean egingo da egun osoko txapelketa (Leandro Agirretxe plazatxoa, 1)
- 10:00etan, lehiakideen bilkura eta agurra.
- 10:30ean, txapelketaren hasiera.
- 10:30etik 11:15era, hasierako proba.
- 11:30etik 12.15era, finalaurrekoa.
- 12:30etik 13:30era, finala.
- 13:30ean, txapelketaren bukaera.
- 13:45ean, txapelaren janztea eta sarien banaketa.
- 14:30ean, bazkaria.