"Iragan denbora batean zaharkitutako erabakiak errepikatzen tematuta dabiltza"
Euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko azken Etxera Eguna da gaurkoa. Elkarretaratzea egin dute eguerdian, eta sabelak ongi bete ondoren, musika izango da Hazian.
Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde, Etxera Egunak egiten ari dira egunotan eskualdean. Gaurkoarekin biribilduko dute aldarrikapen ekintza sorta. Eguerdian elkarretaratzea egin dute Almudena plazatxoan. Bertatik trikipoteoan abiatu dira herritarrak, pixkanaka, Irungo Mendizaleak elkartera bidean. Bertan bazkari herrikoia egin dute. Luze joko du gaurkoak, gauerako plana izango baita Hazian. Lehenik Protokadaver taldeak kontzertua eskainiko du, eta ondoren, Selektah Stepik eta Lilibat sound musika jartzaileek dantzan jarriko dituzte bertaratutakoak.
Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideetan eta bizikidetza eraikitzen “aurrera” egiten ari direla diote Bidasoko Sareko kideek, baina “ez nahi bezain azkar”. “Gauzak aldatu dira. Hobera, dudarik ez. Gaur egun, dakizuenez, preso ia guztiak, Hego Euskal Herriko espetxeetan daude”. Halere, Espainiako auzitegiek euskal presoen kontra hartutako “erabaki arbitrarioak” gogor salatu dituzte: “Etxera blokeatzeko asmoz, iragan denbora batean zaharkitutako erabakiak errepikatzen tematuta dabiltza”.
Iratxe Sorzabal Diaz, Fermin Vila Mitxelena eta Aitor Olaizola Baseta izan dituzte gogoan, egun Zaballako espetxean daude. Bestalde, Francisco Jose Ramada Estebez ‘Bera’ baldintzapeko askatasun egoeran dagoela gogorarazi dute, “zorionez”.
2024a “erabakigarria” izango dela uste dute Sarekoek, preso, errefuxiatu eta iheslariei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurriak behin betiko bertan behera uzteko eta haien eskubideak errespetatzea lortzeko.