Arroz palet bat eman, eta Sahararen aldeko euskal karabanarekin bat egin du Irungo Udalak
Ostiralean eta larunbatean jakien eta higiene produktuak jasoko dituzte Irungo hainbat supermerkatutan, Saharara eramateko. Ikastetxeak ere lanean ari dira.
Tadamum Txingudiko Sahararen Lagunen Elkartearen deialdiari jarraiki, Sahararen Aldeko Euskal Karabanarekin bat egin du Irungo Udalak. Hala, hara bidaltzeko arroz palet bat erosi, eta eman die elkartasun ekintza antolatzen ari direnei. Saharako euskal karabana: itxaropen bat elikatzen du lelopean egiten ari dira kanpaina Bidasoan Tadamum-en eskutik, eta Euskal Herrian beste hainbat erakunde eta talderen bidez.
Aldi betean, udal erakundeak oroitarazi du jakien eta bestelako gaien herri bilketa egingo dela ostiral eta larunbatean hirian, eta elikagaiak eta produktu higienikoak (horiek dira Saharan gehien behar dituztenak) non utz daitezkeen zehaztu du. Honako tokietan (ostiralean 17:00etatik itxi arte eta larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etara. :
- BM Supermerkatuak: Anzarangoan, San Migelgoan, Anakakoak, Serapio Mujika kalekoan, Palmera Monterokoan, Alarde eremukoan. Hondarribian Muliatekoan eta Zezen plazakoan.
- Eroski supermerkatuak: Juan Arana kalekoan eta Pinudi auzokoan. Hondarribian Alamedako eta Santiago kalekoetan.
- Super Amara: Iparralde hiribidean dago.
- Netto: Mendibil merkataritza gunean dago.
- Lidl: Katea auzoan dago.
Bestalde, hilaren 22tik 26ra Txingudi Ikastolan, Elatzetan eta Bidasoa Institutuan ere jasotzen ari dira Sahararako gaiak. Kabigorri Ateneoan ere ari dira zeregin horretan. Hondarribiko Talaia Bordarik, Satarkak eta Biteri eskolak ere bat egin dute egitasmoarekin. Ikastetxeen kasuan, Gurutze Gorriko kideak joango dira hara astelehenean (hilaren 29an) han bildutakoak jasotzera
Supermerkatu, ikastetxe eta bestelako gune guztietan bildutakoa Belaskoeneako industrialdeko 32. lokalean sailkatu eta paketatuko ditu Tadamum-ek. Lan hori egiteko boluntarioak eskatu dituzte. Hala, behin Irunen, Hondarribian zein Euskal Herriko beste herrietan bildutakoa otsailaren bukaera aldera bidali nahi dituzte Saharara, data horietan aterako baita Sahararen Aldeko Euskal Karabana hara, bigarren eskuko kamioietan.
Oporrak bakean
Sahararako zuzeneko laguntza bai, eta hango haurren bizi kalitatea hobetzeko egitasmoa ere bai: Tadamum-ek Oporrak Bakean programari eutsiko dio aurten ere bai. Programa horren helburu nagusia da Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuetatik datozen 7 eta 12 urte bitarteko umeek bi hilabete (uztaila eta abuztua) igarotzea udan harrera-familietan, errefuxiatuen kanpamentuetako baldintza gogorretatik urrun. Alde batetik, elikadura-gabeziak konpontzen dituzte ahal den neurrian, eta, bestetik, azterketa medikuak egiten dizkiete. Irungo Udala arduratzen da haurren bidaia eta aseguru gastuez.
Elikagaiak biltzeko kanpainan parte hartu edo Saharako ume bat hartu nahi duten pertsona guztiak Tadamum elkartearekin harremanetan jar daitezke 666 50 13 50 telefono zenbakira deituz edo haiei mezu elektroniko bat bidalita.