Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko du Korrikak, Hondarribian
Ostegunean (hilaren 25ean) izango da nazio omenaldia, Itsas Etxean. Baxoa eta brebeta euskaraz egiteko borrokan aritu direnei aitortza egingo diete.
Bidasoko kutsu oso nabarmena du 23. Korrikak. Martxoaren 14an Irunen hasiko da. Gainera, Korrika den bakoitzean AEK-k aitortza egiten dio euskararen aldeko lan nekaezinean dabiltzan norbanako eta taldeei: 23. Korrikaren barruko omenaldiak Hondarribia izango du etxe, ostegunean (hilaren 25ean): Azterketak Euskaraz kolektiboari egingo diote gorazarre, 18:00etan hasita, Itsas Etxea auditorioan. Baxoa* eta brebeta** euskaraz egiteko borroka sarituko dituzte.
“Azterketak Euskaraz kolektiboa gazteek osatua da, guraso zein irakasleak bidelagun dituztelarik gatazkan. Euskararen ekintzaile dira; haiek dira protagonista, eta, haien bidez, 35 urtean hainbat belaunaldiren lana aitortzeko aukera dugu”, azaldu dute AEK-ko kideek. Hala, kolektiboaren aldarria euskara dela nabarmendu dute Korrikaren antolatzaileek, zehazki ikasketen unerik esanguratsuenetakoak diren azterketak euskaraz izan daitezela eskatzea: “Herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egiten dute, Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik eta beren notetan kalteak onarturik”.
Aitortza Itsas Etxeko aretotik haragokoa dela uste du AEK-k. Haien egoera ezagutarazteko bozgorailua izango dela azaldu dute, Euskal Herri osoan, eta baita kanpo ere: ‘Jakin dezatela gazte joriek egin ezin dutela ikasketen zati harrantzitsu hori gure hizkuntzan burutu. Gainerako gazteentzat ere eredugarri izan daiteke ikustea egoera okerrenetan ere haonbat ikaslek ahalegina egiten dutela euskara hautatzeko”.
*Baxoa: Frantziako Estatuan goi mailako ikasketak egin ahal izateko ezinbestean eskuratu behar den titulua.
**Brebeta: Frantziako Gobernuak 14-15 urteko ikasleei euren kolegioko eskolaratzea gainditu dutela ziurtatzeko ematen dien diploma.