Prestazio sozialak murriztu izana salatu du Erletxek
Asteazken honetan Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin dute, gizarte prestazioen murrizketak salatzeko.
Etxebizitza eskuratzeko prestazioetan murrizketa berriak egin izana salatzeko Bilbon asteazken honetan (hilak 24) egingo den manifestaziora joateko deia egin du Erletxek. Deialdia Argilan-ESK, Berri Otxoak eta Euskal Herriko Etxebizitzaren Sindikatu Sozialistak egin dute. Halaber, otsailaren 24rako beste manifestazio bat deitu dute Bilboko Moyua plazatik, 12:00etan.
Gogoratu dute denbora luze daramatela salatzen hainbat erreforma onartzen ari direla etxebizitza eskuratzeko prestazioak murrizten dituztenak. Prestazio horiek pertsona eta bizikidetza unitate prekarizatuei, pobretuei eta kalteberei kenduko zehaztu dute.
Neurri horietako bat Inklusiorako eta Diru sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Lege berria da, iazko martxoaren 29an indarrean jarri zena. Bizilekuaren kontzeptuaren definizioa aldatu dute, eta, beraz, “ez da bizilekutzat hartuko etxebizitza baten titulurik gabeko erabilera”. Hartara, ezingo dute Diru sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jaso titulurik ez duten etxebizitzek, alokairu kontratua edo jabetza titulua.
Bestalde, Etxebizitzaren Prestazio Ekonomikoa (EPE) izeneko laguntza berri bat sortu dute ere eta hura 2023ko urrian onartu zuten behin betiko eta aurtengo apirilean jarriko da indarrean. Prestazio beri horri ez zaio aurretik zeudenei gehitzen, ordezkatu egingo du aurreko prestazioa. Orain arte DBErekin batera eska zitekeen Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) eta alokairurako Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) desagertu egingo dira.
Salatu dute laguntzak sinplifikatzeko eta bateratzeko aitzakiarekin, baldintza garrantzitsu bat aldatu dela, eta, orain, prestazio berria jasotzeko beharrezko irizpidea izango da hiru urtez etenik gabe Etxebiden izena emanda egotea.”Aldaketa horiek aplikatzen badira, ehunka bizikidetza unitateri eragingo diete, eta milaka pertsona etxebizitza prestazioetarako sarbiderik gabe geratuko dira. Are gehiago, sektore prekarizatuenak eta pobretuenak izango dira kaltetuenak”.
Kaltetuak izango direnak, haien esanetan, azpierrentamenduetan bizi eta logelako erabilera propiorik ez dutenak, alokairu erregularreko kontraturik ez dutenak edo etxebizitza hutsak okupatzen bizi direnak izango dira. Alegia, murrizketa politika hauek zuzenean eragingo die errenta txikiena dutenei: migratzaileei, hilaren bukaerara iristeko zailtasun gehien dituzten familiei, enplegu prekarioak dituztenei, gazte langileei eta guraso bakarreko familiei, besteak beste.
Erreformak “pobretzearen orokortzearen testuinguruan” irakurri behar dela diote. Instituzioek gastu publikoa murriztu nahi dutela diote, prestazio sistema sektore prekarizatuenei murrizten. Gaineratu dute alderdi politiko guztiek erabaki dutela murrizketa sozial horiek onartzea: “horren erakusle da erreforma horiek EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin-Podemosen aldeko bozkarekin eta EH Bilduren abstentzio konplizearekin onartu dela DBE Lege berria”. Etxebizitza Legeak aurreikusitako murrizketak, berriz, PSE-EEk eta EH Bilduk onartu zituztela gogoratu dute.