Osasun emozionalaz psikofarmakoen adikzioa duten emakumeentzat
Tailer psiko-hezitzaile bat eskainiko du emakumeentzat Maider Andonegi psikologoak otsailetik ekainera. Helburua da parte hartzaileei kontsumoa murrizteko prozesuan laguntzea eta prozesu horretan tresna alternatiboak eskaintzea.
Emakumeen Etxean izan dira gaur Nuria Alzaga Gizarte Ongizate eta Berdintasun ordezkaria, eta Maider Andonegi psikologo soziala, eta otsailaren 9tik aurrera hasiko den tailer baten berri eman dute: osasun emozionaleko tailerra, psikofarmakoei adikzio arazoak dituzten emakumeei laguntzeko.
2020-2024 aldirako udalaren IV. Adikzio Planaren parte da plan hau. Orain arte kanabisa edota alkoholaren prebentzioaren gainean lan egin dute, eta aurten, psikofarmakoen eragina osasun emozionalean da landu nahi dutena. Helburua da parte hartzaileei kontsumoa murrizteko prozesuan laguntzea eta prozesu horretan tresna alternatiboak eskaintzea da.
Izan ere, Alzagak mahai gaineratu duenez, adikzioei buruz azken urtean egin duten azterketen diote emakumeen artean ehunekoa oso altua dela psikofarmakoak kontsumitzen dituztenen artean, eta, gainera, nabarmen hazi dela haien kontsumoa azken urteetan, esaterako, antidepresiboena. Adin tartea, 35 eta 55 urteen artean dago, eta familian eta gizartean emakumeek dituzten ardurekin lotu dute datua.
Psikofarmakoen kontsumo altua “osasun arazo emozionalen ondorioz” dela dio udal ordezkariak eta gaur aurkeztu duten tailerra emakume horiei laguntzeko dela zehaztu du. Andonegi psikologoak azaldu du segurua den eta konfiantzazko espazio bat sortuko dutela, konfidentzialtasunetik, eta, gaineratu du, ez dela tailer psikoterapeutiko bat, psiko-hezitzailea baizik. “Asmoa da ulertzea zergatik diagnostikatzen zaien trastorno hauek emakumeei eta jakitea zergatik diren medizina gehiago hartzen dituztenak”.
Sozialki emakumeek dituzten ardurak, hau da, ama, amona, bikotea, zaintzailea, arreba edota izeba izateak osasun arazoan eragin dezakeela dio Andonegik. “Osasun mental osasuntsua izatea ez da triste ez egotea, gure inguruko harreman sozialak eta gure buruarekin osasuntsuak izateak baizik”. Hartara, esan daiteke psikologia sozialarekin egingo dutela topo bertaratzen direnek.
Andonegik tailer hauetan esperientzia dauka eta bertaratzen diren emakumeek “sareak” sortzen dituztela azaldu du. Elkar babesten direla eta tailerra hastapena besterik ez dela izango. Udalak horrelako espazioen alde egitea garrantzitsua dela uste du, “emakume hauetako askok ez dituzte baliabide ekonomikoak psikoterapiara joateko edo psikoterapia pribatu batera joateko”. Lanketa komunitarioak sozialak daukan pisuaz ohartzeko balio duela dio.
Izen emateak
Osasun tailerra otsailaren 9an hasiko da Emakumeen Etxean, eta ekainaren bukaera arte iraungo du. Saio bakoitza bi ordukoa izango da eta hamabostean behin egingo dira. Saioetako batean psikofarmakoen erabilerari buruz arituko da Irungo Osasun mentaleko Zentroko psikiatra bat.
Plazak mugatuak dira, guztira, hamabi eta 18 urtetik gorakoentzat da. Izena emateko epea irekita dago aste honetako ostiral arte (hilak 26). Horretarako, 010 edota 943 50 51 52 telefono zenbakira deitu behar da.