[Bideoa] Aurtengo sagardoa, "sekulakoa" dastatu aurretik ere
Ola sagardotegiak txotx irekiera egin zuen atzo, Julian Iantzi omendu gisa izan zelarik. Giro ederrean bildu ziren 220 pertsona.
Atzo, Ola sagardotegiak bere sagardoaren aurkezpen egun handia izan zuen txotx irekierarekin. Sagardotegiko jantokia goraino bete zen, 220 pertsona inguru elkartu baitziren. Ohorezko gonbidatua eta txotxa lehena dastatzen Julian Iantzi aurkezlea izan zen, sagardotegikoen lagun gisa aurkeztua.
Urtero lez, adarraren soinuarekin egin zieten dei bertaratu zirenei, eta segidan, Enekoitz Urtxegik agurra dantzatu zuen. Ondoren, Iantzik hitza hartu zuen eta sagardo berria dastatu aurretik “akojonantea” zegoela baieztatu zuen. Behin dastatuta, berretsi egin zituen esanak. Iazkoarekin alderatuta, aurtengo sagardoak graduazio gutxiago du, eta ohi moduan, sagardo ekologikoa izan da Olak egindakoa, uztaren %80a etxekoa izan delarik.
Trikitixa eta pandero artean dei egin zieten sagardotegian bildutakoei txotx egitera, eta mahaian eseri aurretik hantxe izan ziren tragoska artean. Jarraian, bazkariaren txanda izan zen, eta horrekin bukatzean, erromeria egin zen gaua iritsi baino lehenagora arte.