"Irmoki" salatu ditu udalak larunbat gauean gertatutako erasoak
Emeki Emakume elkartea, udal eraikin bat eta LGTBIQ+ txintxorroa erasotu zituzten asteburuan. "Beldurraren bidez zaurgarriagoak diren pertsonen askatasunari mugak jartzea" onartuko ez duela esan du udalak.
Larunbat gauean Emeki Emakume elkartea, udal eraikin bat eta LGTBIQ+ txintxorroa, udalak aniztasuna aldarrikatzeko ezarritako txintxorroa, erasotu zituzten. Gaur goizean udaleko alderdi guztiek egin dute bat Emeki elkarteak egindako salaketarekin.
Emakumeen eta LGTBIQ+ komunitatearen kontrako erasoak izan dira larunbat gauean egin zituztenak. “Bi kolektibo hauek maskulinitate sexistaren jo-puntuak dira eta eskubideetan aurrea egitea lortzen duten hala, espazio berriak konkistatzen dituzten heinean, matxismoak modu bortitzean erreakzionatzen du” esan du udalak erasoa salatzeko ohar batean.
Herritar orok “herrian askatasunean bizitzeko eta kaletik seguru eta lasai ibiltzeko” eskubidea duela esan dute, eta “beldurraren bidez zaurgarriagoak diren pertsonen askatasunari mugak jartzea” onartuko ez dutela gaineratu dute alderdiek.