Emekik eraso matxistak salatu ditu
Bi hilabeteren bueltan elkarteak jasan duen bigarren erasoa da. Emeki elkarteko kideek argi utzi dute halako ekintzek ez dituztela geldiaraziko.
Larunbat gauean Emeki elkartearekiko ekintza matxistak gertatu ziren. Batetik, Emeki elkartearen atarian zintzilikatuta dagoen pankartan pintada matxista bat egin, eta bestetik, elkartearen atariko atea puskatu zuten.
Bi hilabeteren bueltan elkarteak jasan duen bigarren erasoa da honakoa. Izan ere, azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean, Martxoak 8 plazan bi pankarta erre eta Egiluze ikastetxeko ikasleen lanak apurtu zituzten.
Emeki elkarteko kideek ekintza matxistak salatu eta argi utzi dute halako ekintzek ez dituztela geldiaraziko. “Ez gaituzte isilduko, ez gaituzte geldituko, emakumeon eskubideen alde lanean jarraituko dugu eta!” esan dute.
Gainera, Hondarribia Arraun elkarteko pantalanaren ondoan ezarri zuten herri altzaria, Fenomena elkarteak LGTBIQ+ Egunaren bueltan erabilitako ontzia, mugitu dutela salatu dute ere.
Zentzu horretan, Emeki elkartearekin egoitza elkarbanatzen duten Cáritas-i, Gaztelekuko arduradunei zein Hondarribiko Udalari erasoa salatu dezaten eskatu diete.