Autobus lineatan izango diren aldaketen inguruko hausnarketa egin du Hondarribiko EAJk
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak hainbat aldaketa iragarri ditu Bidasoko zein Oarsoaldeko autobus lineatan. Zerbitzu horietako batzuk positiboak direla adierazi duten arren, jeltzaleak ez daude ados neurri guztiekin.
Aste honetan iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak Oarsoaldean zein Bidasoaldean aldaketak egongo direla zenbait autobus lineatan. Gaurko egunean horien gaineko irakurketa plazaratu du Hondarribiko EAJk.
Aldaketak jasango dituzten zerbitzu horietako batzuk positiboak direla adierazi dute jeltzaleek; hala nola, Hondarribia ospitaleen eremuarekin eta Miramongo Parke Teknologikoarekin lotuko duen linea berria, edota Aireportua Donostiarekin zuzenean lotzen duen linearen sorrera. Baina, txanponaren beste aldean kokatu dituzte Hondarribia Irunekin lotzen duen linean (E25) eta Hondarribia-Donostia linean (E21) egindako aldaketak.
Bi linea horietan autobusen maiztasunean murrizketak iragarri ditu aldundiak. Hau da, E25-ak 15 minutuko maiztasuna zuen lehen. Neurria indarrean sartzen denean, ordea, 20 minutuko maiztasuna izatera igaroko da. Bestetik, autobus guztiak Portua auzotik igaroko dira aurrerantzean, eta hori ere ez zaie positiboa iruditzen, “Donostia kaletik eta Baserritar etorbidetik igarotzen zen ibilbidearekin txandakatu beharrean”. E21-ak, berriz, ordubeteko maiztasuna izango du berriro ere, azken hilabeteetan 45 minutukoa izan duenean. Honakoa “atzerapausoa” dela esan dute.
Horrengatik guztiagatik, nahiz eta “jakin badakigun proiektuari ezin diogula alegazio formalik egin”, Mugikortasun Sailari aipatutako autobus lineek gaur duten maiztasuna mantentzea eskatu nahi diote. Eta aldi berean, Aldundiari zein Hondarribiko Udalari aldaketa horiek indarrean sartu aurretik komunikazio ahalegin bat egin dezatela eskatu diete.