Urteko lehen partidak jokatu dituzte xakelariek
Hondarribia Marlaxka Klubeko xakelariek sentsazio onekin hasi dute urtea. Euskadiko zein Gipuzkoako ligan arituko dira beste urte batez. Gipuzkoako Banakako Jubenil Txapelketari dagokionez, bi ordezkari izango ditu klubak.
Larunbat honetan 2024ko Euskal Ligako eta Gipuzkoako Ligako lehen xake jardunaldiak jokatu dira eta Hondarribiko Marlaxka Xake Klubeko ordezkariak bertan izan dira. Bi gairaipen eskuratuta sentsazio onekin hasi dute urtea xakelariek.
Laugarren urtez jarraian arituko da Hondarribia Marlaxka A taldea Euskal Ligan, eta 2023an play-offean garaile suertatu ondoren, bigarrenez arituko dira Ohorezko mailan. Exean aritu ziren Arrasate Arlutzeko taldekideen aurka. 3-0 puntuko garaipena eskuratu zuten “borroka gogorraren ondoren”. Taldea Patxi Morenok, Josu Tornayk, German Herrerak eta Ander Tafallek osatu zuten.
Gipuzkoako Ligan, berriz, hiru talde aritu ziren. Hondarribia Marlaxka B taldea goren mailan arituko da. Asteburuan Baionan jokatu zuten bertakoen aurka. Hondarribiarrek 2,5-1,5 galdu zuten. Taldea Goio Uriartek, Aritz Tornayk, Juan Senen Bruñak eta Gorka Tafall-ek osatu zuten.
Hondarribia Marlaxka C-k lehen mailan jokatuko du eta Gros E taldeaizan zuen bisitari. Garaipenarekin hasi zuen lehen jardunaldia: 3-1. Taldea Jokin Lerak, Jon Diazek, Nora Lerak eta Charles Torrent-ek osatu zuten taldea.
Hondarribia Marlaxka D taldea, berriz, probintziako hirugarren mailan arituko da aurten. Talde honen helburua “lehiaketara hurbiltzea” dela esan dute. Talde gehiago sortu zitzaketen arren, talde bakarra izatea kontzienteki egindako zerbait dela esan dute, hala, “lasaiago eta inolako presiorik gabe” jokatu dezaten. Larunbatean Bergara B taldearen aurka lehiatu ziren. 4-0 gatik galdu bazuten ere partida onak burutu zituztela nabarmendu dute. Taldea Asier Muñoz-ek, Javier Martinez-ek, Jose Maria Cot-ek eta Bittor Gallastegik osatu zuten.
Gipuzkoako Banakako Jubenil Txapelketa
Atzo eman zioten hasiera Gipuzkoako Banakako Jubenil Txapeletari eta otsailaren 18ra bitarte, igandero, arituko dira. Marlaxka Xake Klubeko bi xakelari arituko dira txapelaren bila: Aritz Tornay eta Jurgi Diaz.
2023 urtea
Marlaxka Xake klubarentzat iazkoa urte “erabat aberasgarria” izan zela adierazi dute elkarteko kideek: “Argi geratu da balio eta konpromisoz betetako familia handi-txiki bat osatzen dugula”, eta eskerrak eman dizkiete babesleei orain artean emandako laguntzagatik, “haiek gabe egiten ditugun gauza asko ez lirateke posible izango” esan dute.
Amaitzeko, beste urte batez, “xakearen sustapenaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde” egindako lana nabarmendu, eta Euskararekiko konpromisoa berretsi eta maitasuna aldarrikatu dituzte.