Kaldereroen desfilea, otsailaren 3an
Irungo Atsegiñak irundar guztiak animatu ditu parte hartzera. Desfilea prestatzeko bi entsegu programatu dituzte. Ohiko afarira joateko izena emateko azken eguna hilaren 25a da.
Irungo Atsegiña Elkarteak antolatuta, Kaldereroen konpartsa Irungo kaleetan barrena ibiliko da otsailaren 3an. Antolatzaileek irundar guztiak animatu dituzte desfile “zirraragarrian” parte hartzera. “Alaitasunez eta kolorez” betetako ekitaldi bat bezala definitu dute, eta adierazi dute aukera “paregabea” dela “komunitatea jai giroan batzeko eta tokiko kultura ospatzeko”.
Kaldereroak Alberto Angera plazatik irtengo dira otsailaren 3an, 19:00etan. Ohiko ibilbidea osatuko du konpartsak, eta San Juan plazan bukatuko da. Antolatzaileek zehaztu dute desfilean aterako diren pertsonak 18:30ean bertaratu beharko direla Alberto Angera plazara.
Otsailaren 3ko desfilea prestatzeko, sustatzaileek bi entsegu programatu dituzte Irungo Atsegiñaren lokalean. Entseguak hilaren 31n eta otsailaren 1ean izango dira, biak ala biak 19:00etan. Herritar guztiak gonbidatu dituzte entseguetara.
Kaldereroen desfilearen ondoren, ohiko afaria prestatuko dute Irungo Atsegiñako kideek beren lokalean. Afaria konpartsan parte hartzen duten guztientzat irekia egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta 20 euroko kostua du. Honakoa izango da menua: salda, oilaskoa patatekin eta piperrekin, postrea, kafea, ardoa, sagardoa eta ura. Afarian izena emateko epea hilaren 25era arte izango da zabalik. Inskripzio hori astearteetan egin behar da, 19:00etatik 20:00etara.
Informazio gehiagorako, Irungo Atsegiñak posta elektronikoa jarri du interesdunen eskura.