Korrikaren Irungo ibilbidea, irteerako emozioa baino gehiago
San Juan plazatik abiatuko da 23. Korrika Hondarribirantz. Ondoren, berriro itzuliko da eta Santiago zubian lekukoa pasako die hendaiarrei. Martxoaren 14a irteerako momentua baino gehiago izango dela aurreratu du AEK-k.
Korrika non hasi eta non bukatu eta noiz hasi eta noiz bukatu jakin bezain laster, zein ordutan igaroko den da gehien espero den berria, alegia, zein izango den ibilbidea da misterio handiena. Kasu horretan, irundarrek bazekiten hiritik aterako zela, baina ez zekiten hiriaren bihotzetik irtengo dela, San Juan plazatik hain zuzen ere. Arratsaldeko 16:00etan izango da irteera eta lehen aldiz lekukoa nork eramango duen jakiteko beste itxaronaldi bat egin beharko da.
Guztira, 27 aldiz pasako da eskuz esku lekukoa Irunen, aintzat hartuta Hondarribiarekin eta Hendaiarekin egiten duen muga naturalean partekatuko dituzten lekukoak. Azken lekukoa Santiago zubian eramango dute irundarrek eta historikoki izan gisan AEK-ko kideek eramango dute.
Ibilbidea
San Juan plazatik Nafarroa hiribidera joango da Korrika eta bertatik, Urdanibia plaza zeharkatuko du. Jarraian, Larreaundi auzoa pasa, Euskal Herria hiribidea igo, Gipuzkoa hiribidetik segi eta Hondarribirako bidea hartuko du Kolon pasealekutik. Hondarribian 16:23ean sartuko da eta herriari buelta eman ondoren, berriro ere Irunera itzuliko dira tipi-tapa, 17:03ean.
Kolon pasealekua zeharkatuko dute berriro, Iparralde hiribidearekin batzen den punturaino. Bertan, hiribidea jaitsiko dute Santiago zubira ailegatu arte 17:17ean. Aurtengo ibilbidean nabari den aldaketa nabarmena Katea eta Anaka auzoetatik ez dela pasako da.
Martxoak 14
Martxoaren 14an izango de irteera eguna ez da 16:00etara mugatuko. Jardueraz betetako eguna dela aurreratu zuen Maddi Sanz Irungo Korrikaren koordinatzaileak, goizetik gauera. Xehetasun handirik ezin izan zuen aurreratu baina hirian gogoangarria izango dela adierazi zuen.
Horretarako, herritarren inplikazioa behar da eta bihar 18:00etan Palmera Monteron egingo de Korrika batzordera joateko deia luzatu dute. Gaur gaurkoz batzar bakarra egin dute eta erantzuna “oso ona” izan dela azaldu zuen atzoko agerraldian Sanzek. Bidea horixe dela argi dute, 23. Korrika irteeragatik “anekdotikoa” izan ez dadin.