Etxetik urrun hasiko du urte berria Txingudi Errugbi Klubak
Emakume zein gizonen senior taldeek urteko lehen hitzordua izango dute larunbatean. Biok Txingudi Logroñon izango da, eta Zaisa Txingudi, berriz, Gasteizen.
Txingudi Errugbi Klubeko senior taldeak 2024rako prest daude, buru belarri dabiltza urte berriko lehenengo partidak prestatzen. Zaisa Txingudik (gizonezkoen taldea) Gasteizen izango du partida larunbatean (15:30ean), Gaztedi B taldearen kontra; eta Biok Txingudiko emakumeek Logroñon (Errioxa) izango dute hitzordua, egun eta ordu berean.
Iñigo Camaro entrenatzaileak ezin izango ditu Iker Tejero, Unai Cano, Unax Dominguez, Andoni Quiñones, Xabi Sanchez eta Odei Alonso zelairatu, eta Lander Vielba eta Jenö Kocsis zalantza dira oraindik. Dena den, albiste ona izango da larunbatean, 8 hilabeteren ondoren, lesio luze batetik itzuliko baita Teo Arruti. Sailkapenean azpitik dute Gaztedi B, bi puntura. Igoerarako aukerak izaten jarraitu nahi badute, ezinbestekoa izango da garaipena.
Emakumeek ligako lehenengo faseko azkenengo hiru partidak dituzte aurretik. Zaila izango dute Euskadiko txapelketa jokatzeko multzoan sartzeko txartela eskuratzea, zortzi puntura baitago lehen taldea eta 15 postu daude jokoan. Zaia bai, baina ez da ezinezkoa. Logroñon garaipena eta bonus puntua eskuratzea izango dute helburu. Asier Gonzalez entrenatzaileak ezin izango ditu Miren Fernandez, Irene Goenaga eta Madri Olasagasti zelairatu eta Maier Aia, Ainara Gerriko eta Naroa de la Fuente kolokan daude oraindik. Leizuri Pinagak estreinakoz klubeko kamisetarekin zelairatzeko aukera izango dezake larunbatean.
Senior taldeez gain, lurraldeko selekzioak ere lehiarako prest dira. Hurrengo larunbatean (hilak 20) Murtzian izango dira. Lehenik, 16 urte azpikoen taldeak partida jokatuko dute Greta Gutierrez, Paula Da Purificacao eta Helene Tristanek. Igandean berriz, Aitana Garrido, Gaia Morris, Lohitzun Aia, Luma Altube eta Maider Diazen txanda helduko da, 18 urte azpikoen selekzioarekin ariko dira. Bi partidak Eibarren jokatuko dira, Unbe zelaian.